EUSKADI.-EIZIEk itzulpengintza tailerra antolatu du aurten ere Iban Zaldua idazle gonbidatuarekin

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 6 septiembre 2007 15:36

BILBO, 6 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) lantegia antolatu du aurten ere euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, irailaren 10etik 13ra.

Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, idazle baten obraren lagin bat, narrazio bat, eskuarki, hainbat hizkuntzatara itzultzen dute lau eguneko lantegian horretarako gonbidaturiko itzultzaileek, idazlearen laguntzaz.

Duela hiru urte ekimen honi hasiera eman ziotenean ezarri zuten irizpideari helduta, aurreko urteko Euskadi Saria jaso duen idazleari egin diote gonbitea lantegian parte hartzeko, Iban Zalduari, alegia.

Testua aldez aurretik prestatuta ekartzeko eskatzen zaie itzultzaileei, eta lantegian "orrazten" dute gero.

Azaldu zutenez, idazlearen laguntza izaten dute itzultzaileek, hala zalantzak argitzeko nola testuaren inguruko argibideak emateko. Horrez gain, bata bestearen hizkuntzaren eta kulturaren berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izaten dute.

Horretarako, alde batetik, nork bere lana orrazten egiten dituzte ordu batzuk itzultzaileek, idazlea ondoan dutela, eta, bestalde, talde osoaren saioak egiten dira. Parte hartzaileek lau egun oso egiten dituztenez elkarrekin, lanerako aretoan ez ezik, denbora librean ere elkar ezagutzeko eta harremana lantzeko aukera izaten dutela argitu zuten.

Idazleak berak aukeratu ohi du itzulgaia, eta euskaratik zuzenean itzultzen dute testua lantegian, zubi-hizkuntzarik gabe. Aurten, Itzalak liburutik izen bereko narrazioa itzuliko dute Roberta Gozzi (italiera), Christiane Bendel (alemana), Angel Erro (gaztelania) eta Fermin Arkotxa (frantsesa) itzultzaileek.

Lantegia Durangoko Ibaizabal Ikastolan egingo dute aurtengoan, bertako Errota pentsioan ostatu hartuta eta irailaren 10etik 13ra, biak barne.

Era berean, lantegia bukatzean, esperientziaren berri emateko mahai-ingurua, eta irakurketa saioa bost hizkuntzatan antolatu dute

irailaren 13an, arratseko 7etan Landako Guneko ekitaldi aretoan, Durangon (Bizkaia).

Contenido patrocinado