EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Aldundiak eta Labayruk euskara sustatu eta bizkaiera normalizatzeko hitzarmena sinatu dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 12 diciembre 2007 14:18

BILBO 12 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Labayru Ikastegiak 2000. urtetik zuten lankidetza-hitzarmena berritu eta zabaldu dute gaur goizean Bilbon, euskara sustatu eta bizkaiera normalizatzeko xedez.

Horrela, akordioaren arabera, 260.619 euroko diru-laguntza jasoko du orotara Labayru Ikastegiak 2007an (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 179.000.00 euro eta Bizkaiko Foru Aldundiak 81.619.00 euro), besteak beste, proiektu hauek garatu ahal izateko: Lexikografia, Bizkaiera literarioa, herri-literatura, Bizkaiko leku-izen eta deituren corpusa, aholku-eskariei erantzuna, testu didaktikoak, "Idatz & Mintz" literatura aldizkaria edota "Labayru Gaur" boletina.

Prentsaurrekoan, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Belen Greaves Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Ander Manterola, Labayru Ikastegiko zuzendaria izan dira.

Baztarrikak adierazi du euskalkiak eta euskara batua "elkarren osagarriak" direla, eta berez, euskara batuak euskalkien "iturri zaharberritutik edan eta elikatu" behar duela. "Euskalkiak hizkuntza biziaren adierazgarri dira, hizkuntzaren bizitasunaren erakusle", gaineratu du.

Halaber, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian euskara batuaren eta euskalkien artean "zubiak egitea" eta euskalkietan bizi-bizirik dauden egitura eta erregistro diferenteen ereduak ikasleei irakastea jasota dagoela gogoratu du.

Bere ustez, hori lortze aldera "ezinbestekoa, bultzatu beharrekoa eta benetan eredugarria" da Labayru Ikastegiak bizkaierari dagokionean egiten duen lana, "bereziki bere ikerketen bidez, eta bere hiztegi eta gramatika-lan ugarien bidez, toponimiaren edota literaturaren arloan egiten dituenak ahantzi barik, noski".

Helburu horiek kontuan hartuz sinatu zuten hitzarmena duela zazpi urte Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Ikastegiak, eta helburu horren alde "beste pausu bat gehiago ematera dator" aurtengo hitzarmena ere. Akordio honen helburua euskararen "kalitatea zaintzea eta sustatzea" ere badela azpimarratu du Baztarrikak.

Contenido patrocinado