EUSKADI.-EuskoTrenek garbitasun eta osasun zerbitzuak eta bizikletak eramateko gailuak sartu ditu bere tren-unitateetan

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 12 noviembre 2008 17:47

BILBO 12 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren esku dagoen EuskoTrenbideak sozietate publikoak garbitasun eta osasun zerbitzuak eta bizikletak eramateko gailuak instalatu ditu bere tren-unitateetan. Instalazio horietarako milioi bat eurora heltzen den inbertsioa egin da.

Horrela, konpainiak komunak jarriko ditu Bilbo-Donostia linean zerbitzua eskaintzen duten UT-200 serieko hamar trenetan; jarduera horrek 830.246 euroko aurrekontua eukiko du. Gaur egun EuskoTrenek komunak ditu Bilbo, Donostia eta Hendaia arteko lurralde mailako zerbitzuak eskaintzen dituen tren-unitate batean.

Garbitasun eta osasun zerbitzuak jada tren batean instalatu dira, eta gainerako trenetan, instalazioen maiztasuna astean behingoa izango da, 2009ko urtarrilaren bukaerarako hamar unitateetan komunak instalaturik egon daitezen.

Tren unitateetan instalaturiko modulu berriek honako osagai hauek dituzte barrualdean: komun-ontzia eta komuneko paperaren banagailua;

konketa altzariarekin eta eskuak lehortzeko gailuarekin; ispilua;

xaboi likidodun dosifikagailua; esekigailua eta paperontzia; mugikortasun urria duten pertsonei laguntzeko osagarriak; izuaren aurkako giltzarrapoa duen atea; modulua matxuraturik eta libre edo okupatuta dagoela adierazten duen kanpoko seinaleztapen optikoa; eta

kontrol-panela automatarekin eta aire erauzgailuarekin. Moduluaren kanpoaldean, aldiz, ur beltzen tanga, tangak husteko eta garbitzeko sistema eta ur garbiaren tanga daude.

Mugikortasun urriko pertsonei egokituriko komunetarako aurkeztu ziren alternatiben inguruan erabakia hartu aurretik, EuskoTrenek zenbait bilera burutu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako urritasun fisikoa duten pertsonen zenbait elkarterekin.

BIZIKLETAK ERAMATEKO

Halaber, Eusko Trenbideak sozitateak bizikletak eramateko gailuak jarri ditu bere 47 tren-unitateetan, 160.000 eurotik gorako inbertsioarekin. Tren bakoitzak bi gailu ditu, eta gailu bakoitzean bi bizikleta sartzen dira. Gailu hauek unitate guztietan sartzeko prozesua datorren otsailerako amaiturik egongo da.

Gailu berriak bizikletak finkatzeko sistema eraisgarria dira, eta bizikleten atzeko gurpila finko eta mugitu gabe geratzen da ibilbide osoan, erabiltzaileak erosoago joan daitezen. Ekipamendu hori muntatu ahal izateko, tren bakoitzean eserleku finkoen ordez transpontinak edo eserleku tolesgarriak muntatu behar izan dira, eta horrela ez da murriztu tren unitateen bidaiari ahalmena.

Bere tren-unitateetan bizikletak eramateko gailuak instalatzea EuskoTrenen ekimena da, bi garraio mota horien arteko intermodalitatea sustatzeko. Bizikletaren eta garraio publikoaren arteko erabilera konbinatuak konpondu egiten du, neurri handian, hiri handietara sartzeko arazoa.

Contenido patrocinado