BILBO 21 Abr. (EUROPA PRESS) -
GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak ireki du Julio Araluze Bekaren hirugarren deialdira aurkezteko epea, eta maiatzaren 17ra arte mantenduko du zabalik. Bekaren ikerketa gaiak Euskal Herriarentzat "interes berezia duten gai sozial eta historikoak dira, zentzurik zabalenean ulertuta".
Era berean, lehentasuna izango dute euskaraz sortu eta buruturiko lanek, baita emakumeen aldagaia txertatuko dutenek ere. Horrez gain, lanen originaltasuna, sendotasuna eta freskotasuna baloratuko dira, elkarteko iturriek gaur jakinarazi dutenez.
2008. urteko irabazlea Josu Martinezek burututako "Itsasoaren alaba" dokumentala izan zen. Lan honen protagonista Haize Goikoetxea Ugarte da. Ipar Euskal Herrian jaio zen eta errefuxiatu bikote baten bigarren alaba da. Urte bi bete gabe zituela, GALek Mikel Goikoetxea "Txapela" hil zuen, bere aita.
Dokumentalean Haizek bere aita ezagutu zuten lagun, senitarte eta kideak elkarrizketatzen ditu. Euskal Herri osoan izugarrizko arrakasta izan duen dokumentala, baita atzerrian ere: 50 emanaldi baino gehiago, 3.500 pertsonatik gora parte hartuz. Madril, Andaluzia, Italia (Erroma, Venezia, Florentzia, Bergamo, Napoles), Alemania, Danimarka, Suitza, Eslovenia, Irlanda edo Estoniara heldu zen "Itsasoaren alaba" dokumenatala.
2009an, berriz, Euskal Herriko migrazio mugimenduetara hurbildu, eta etorkinak nola bilatzen eta lortzen duen integrazioa aztertu da "Etorkinak eta integrazioa. 50-80ko hamarkadetako etorkinen integrazio moduak Hego Euskal Herrian" ikerlanaren bitartez. Julen Zabalok zuzendutako taldeak aurreko immigrazio mugimendua gogoratu nahi izan du ikerlan honetan, oraingoaz gogoeta egiteko, lehengo esperientziatik zerbait ikas daiteke eta.
Esperientzia hori abiapuntu hartuta, etorkinen integrazioak urtetan sortu duen eztabaidan sakondu nahi izan da. Eztabaida hori politizaturik egon da Hego Euskal Herrian ari diren nazionalismo bien proiektuen talkagatik, eta horrek integrazioa termino politikotan bakarrik ulertzera eraman du.
Garai hartako etorkinen integrazio moduez hitz egiteko, orduko egoeraren protagonistengana jo da, eta Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zehar etorkinekin eztabaida taldeak antolatu dira, Altsasun, Barakaldon, Bastidan, Bergaran, Berriatuan, Gasteizen, Iruñean eta Pasaian.
GITE elkarteko arduradunek nabarmendu dute "ondorio interesgarri eta esanguratsuak" atera dituztela ikerlan honetatik, gaurkotasunez beteak. "Izan ere, gaur egun, immigrazio mugimendu berriak bizitzen ari gara Euskal Herrian. Gite-Ipesen aburuz, gaurko errealitateari erantzuteko atzoko esperientzia ezagutzea baliagarria izan daiteke; gure historia hurbilaz ikastea", azaldu dute.
"Egitasmo oso ezberdinak" martxan jartzeko erabiltzen du GITEk beka hau. Izan ere, Julio Araluze Bekarekin Euskal Herriaren errealitate politiko, sozial edota kulturala aztertu eta azalarazi nahi du, lan hori hainbat ikuspegitik egin daitekeelarik.