EUSKADI.-Hainbat ekitaldi izango dira Sopelan (Bizkaia) azaroaren 30etik abenduaren 12ra, Euskararen Astea ospatzeko

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 21 noviembre 2008 12:55

BILBO 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu dira Sopelan (Bizkaia) azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Euskararen Astea ospatzeko, bai herri mailan bai eta ikastetxeetan ere, Sopelako Udaleko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Alde batetik, azaroaren 30ean, Aitxu! Sopelanako euskara taldeak eta Munarrikolanda Mendi Taldeak Mendiondo errotara "berbatxangoa" antolatu dute; 9:30etan jarriko dira abian Urdulizeko txozna parketik, eta ordubeteko ibilbide erraza burutu ostean, errota ikusiko dute. Bisita bukatu ondoren Larrabasterrara itzuliko dira 13:30etan; hemen umeek tailerrean taloa egiteko aukera izango dute, eta bitartean gazteek eta helduek taloak janez gozatuko dute.

Euskararen Astearen inguruko ekintzak direla eta, Euskararen Nazioarteko Egunerako, abenduaren 3rako, Txirene antzerki taldearen "Ogiyik karri etzuen semia" komedia antolatu du Udalak, 19:00etatik aurrera, udaletxeko Hall Kulturalean.

Bestalde, Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ere zenbait ekintza antolatu ditu egun horren inguruan. Horrela, Sopelako ikastetxeetan tailerrak eta txotxongilo ikuskizuna izango dira txikienentzat, bertsolaritza eta txalaparta tailerrak nagusitxoagoentzat eta nerabeek euskaraz ligatzeko tekniketan sakontzeko parada izango dute diaporama baten bitartez. Halaber, gazteei zuzendutako ipuin kontaketaz gozatzeko modua izango dute.

Gainera, Sopelako Udalaren programazioarekin jarraituz, abenduaren 4ean Jon Arretxe idazleak Burkina Fasora egindako bidaiari buruzko hitzaldia emango du Hall Kulturalean, 19:00etan. Abenduaren 6an, berriz, "Betizu eta Oilarraren Kukurrukua" ikuskizuna izango da Udal Pilotalekuan 18:00etatik aurrera.

Halaber, abenduaren 9an, ipuin kontaketan trebatzeko helduei zuzendutako "Ipuinak. Gozamenerako tresna" bi orduko tailerra eskainiko du Antton Irusta ipuin kontalariak, Hall Kulturalean, 18:00etan hasita. Saioaren jarraipen gisa, abenduaren 12an umeei zuzendutako ipuin-kontaketa saio bat eskainiko du Anttonek, "Olentzero eta oparien ordua" film berriaren kontaketan oinarritua. Ikuskizun hau udaletxeko Hall Kulturalean izango da, 18:00etatik aurrera.

Contenido patrocinado