BILBO 15 Feb. (EUROPA PRESS) -
Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Kepa Antolanagaren "Etxepare, Aldudeko medikua" liburua aurkeztu dute gaur, Akademiaren Bilboko egoitzan. Aurkezpenean izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Ludger Mees EHUko Euskara errektoreordea eta Kepa Altonaga egilea.
"Etxepare, Aldudeko medikua" liburuari esker, Kepa Altonaga egileak 2003ko CAF-Elhuyar zientzia-dibulgaziorako saria irabazi zuen. Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.
"Jean Etxepare guztiz intrigagarria da", dio Kepa Altonagak berak, hitzaurrean. Hori izan zen, hain zuzen ere, liburua idazteko izan zuen arrazoietako bat. "Nire begietarako Jean Etxepare idazle dotorea da, eta zorrotza. Berritzailea da. Eta irekia. Areago: Jean Etxepare idazle ekumenikoa da. Atseginez irakurtzen da", esan du.
Bere esanetan, Etxeparek eboluzionismoa euskararen mundura sartu nahi izan zuen; hori "erabakigarri suertatu zitzaidan. Une horretatik aurrera gogo bizia eduki izan dut, idazleaz bestalde gizona ulertzeko, eta bai gizon horren ingurua ere".
Gogo horrek bultzaturik, Jean Etxepareren nortasuna eta ibilbidea ezagutu nahi izan ditu Altonagak. "Etxepare, Aldudeko medikua" liburuaren bitartez, "Jean Etxepare medikua bere testuinguruan ulertzen ahaleginduko gara, eta izatez, Aldudeko medikuaren bizitza eta obra izan dira liburu honen ardatza eta denbora-bidaiarako aitzakia". Izan ere, pertsonaren ibilbideaz eta pentsamenduaz baliaturik, zientziaren aspektu orokor batzuk eta garaiko Euskal Herriaren berri ematen du Altonagak bere liburuan.
Kepa Altonaga Biologian doktorea da eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologia irakasten ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. UEUko kidea da eta UZEI eta Elhuyarrekin kolaboratu izan du. Euskaltzain urgazlea da, eta "Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan" (1998) eta "Armand David, pandaren aita" (2001) liburuak argitaratu ditu.
Jean Etxepare Bidegorri (1877-1935) Argentinan jaio zen, Mar Chiquita herrian, baina haurra zela bueltatu zen Euskal Herrira. Medikuntza ikasi zuen Bordelen eta 1901ean, doktore-tesia aurkeztu. Garaiko idazle laiko bakarrenetarikoa izan zen.
Gaztetandik hasi zen 'Eskualduna' aldizkarian kolaboratzen. Bi liburu argitaratu zituen: "Buruxkak" (1910) eta "Beribilez". Bere lan guztiak bildu eta argitaratu ditu Piarres Xarritonek. Eskualtzaleen Biltzarreko presidente izan zen eta 'Gure Herria' aldizkariaren buruorde eta idazkari nagusia. Kanbon hil zen, 1935ean.