GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 6.575.212 funts izango ditu aurrerantzean, Arabako Aldundiaren mende dauden bost liburutegien 308.091 funtsak euskal sarera gehitu ondoren. Horrela, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 309 liburutegi eta 978.093 bazkide izango ditu aurrerantzean, eta bazkideok "aukera zabalagoak" izango dituzte eskura.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak ostegun honetan sinatu dute foru erakundearen mende dauden liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarera sartzeko hitzarmena. Hitzarmena Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean sinatu da, hain zuzen ere, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuko den liburutegietako batean.
Zupiriak adierazi duenez, hitzarmenak orain dela 13 urte hasitako prozesuari emango dio jarraipena. Azaldu duenez, "irakurketaren esparruan zerbitzu publiko integratua eskaintzeko baliabideak ugaltzeko, helburuak partekatzeko eta ahaleginak bateratzeko ekin zitzaion orain dela 13 urte eraikin, herri eta organo kudeatzaile ezberdinetan banatuta zeuden liburutegi zerbitzuak integratzeko prozesuari".
Horrela, duela urtebete amaitu zen udal liburutegietako zerbitzuak integratzeko prozesua Bilboko, Donostiako eta Santurtziko liburutegiak integratuta, eta orain, Arabako Foru Aldundiaren mende dauden liburutegi zerbitzuak integratuta, "baliabideak integratzeko bidean aurrera egiten eta herritarrei zerbitzu hobea eta osoagoa eskaintzen jarraitu ahal izango dugu".
Bestalde, Martinez de Lunak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du: "XXI. mendeko liburutegiek erabiltzaileei eman behar dizkieten liburutegi zerbitzuen kostuak lankidetza hori beharrezko egiten du, eta historian zehar euren arteko ezberdintasunak gainditzen lagundu du, informazioa eskuratzeko printzipio demokratikoa ziurtatu ahal izateko. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean integratzeak informazioaren, teknologiaren, kulturaren, hezkuntzaren eta aisialdiaren arloko baliabideak partekatzea ahalbidetuko du".
Zehazki, hitzarmenaren bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuko dira Ignacio Aldecoa Kultur Etxeko liburutegia eta Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari atxikitako zerbitzuetakoak eta museoetakoak.
Liburutegi horietako bazkideetako batzuk orain arte Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideak ez zirenez, aurrerantzean bazkideak 959.688 izatetik 978.093 izatera pasatuko dira, eta funtsak, berriz, 6.267.121 izatetik 6.575.212 izatera. Azkenik, hemendik aurrera, 304 izan ordez 309 izango dira liburutegiak (sukurtsal moduan zenbatuta, udalerri bakoitzean bat baino gehiago egon daitezke, beraz).
SAREA
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea batez ere udal titulartasuneko liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan integratuta dauden udal titulartasunekoak ez direnak ere, hala nola Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa edo Zarauzko Photomuseuma. Sarearen funtsetan 1.100.000 izenburu ezberdin daude (6.575.212 funtsetan).
Sarean parte hartzeak abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei, besteak beste, erabiltzaile txartel bakarra eta doakoa izatea liburutegietan banatuta dauden funts guztietarako (liburutegi batean izenburu bat eskuratu ezin bada, beste batera eskatzen da);
katalogo kolektibo bakarra izatea, liburutegi guztietako funts edo bilduma guztietako informazioa biltzen duena; edota eLibutegira sarbidea izatea.
Horrez gain, sarean parte hartzeak hainbat abantaila dakartza parte hartzen duten udalerrientzat. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru diru laguntza lerrotara aurkezteko aukera ematen die liburutegi horiei (funtsak erosteko, teknologia berrietarako eta irakurketa sustatzeko jarduerak bultzatzeko). Gainera, Jaurlaritzak sustatzen dituen prestakuntza programetan liburutegi horietako langileek parte har dezakete eta laguntza teknikoa eta mantentze lanak Jaurlaritzaren kargura dira.