Euskadin 200 gazte inguru parte hartzen ari dira 8 auzolandegi ezberdinetan

Euskadin 200 gazte inguru parte hartzen ari dira 8 auzolandegi ezberdinetan
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 7 agosto 2026 14:11

BILBO 7 (EUROPA PRESS)

Jarduerak era sortzailean eta elkarlanean egiten dira eta hirietatik kanpo, landa eremuko edo kostaldeko herrietan izaten dira. Partaideak sorterri ezberdinetako pertsonak izaten dira eta euren kulturak eta ohiturak elkar trukatzeko aukera izaten dute. 2026ko Euskadiko auzolandegietan 194 gaztek izena eman dute, horietatik 63 bertakoak izan dira eta 131 beste Erkidego Autonomo batzutakoak.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurtengo edizioan ere txanda guztietan 2 plaza erreserbatu dira aniztasun funtzionala duten pertsonentzat. Era berean, 102 Euskadiko gaztek parte hartu dute beste Erkidego Autonomo batzuetan antolatu diren auzolandegietan.

Mizpirualde adinekoen egoitzan Bergarako (Gipuzkoa) eta inguruko beste herri batzuetako 100 pertsona baino gehiago bizi dira eta auzolandegi honetan egoiliarren eta gazteen arteko harreman trukea, gazteek eta adinekoek elkarri laguntzeko eta elkar ezagutzeko aukera sortzen da. Egoitzako egoiliarren artean hainbat lekutako gazteak egotearen alderdi positiboen artean honako hauek nabarmentzen dira: errutinaren haustura, egoiliarrek gazteekin duten harremanagatik emozio positiboak sortzea eta egoiliarren narriadura kognitiboaren aurkako estimulazioa.

Abuztuan Bergarako auzolandegi honetan parte hartuko duten 18 eta 26 urte bitarteko 21 gazteek besteak beste eginkizun hauetan jardungo dute: egoiliarrei egunkaria irakurtzen laguntzea, kartetan jolastea, ibilaldietan eta irteeretan laguntzea, psikomotrizitate jarduerak egitea, aisialdi eta jolas jarduerak antolatzea, jaiak eta jolas jarduerak antolatzea, harremanak indartzeko ekintzak egitea eta adinekoen egoitzatik kanpoko harremanak errazteko ekintzak gauzatzea.

Adrian Lopezek Gazteria zuzendariak adierazi du, "gizarte hobeago bat eta komunitate inklusiboago bat egiteko pertsona gazteen konpromisoa azpimarratu nahi dut. Belaunaldien arteko harremanak sortzeko adin ezberdinen arteko enpatia behar da, elkar ezagutza, eta hori da hain justu auzolandegi honek bilatzen duena. Auzolandegi honetan bizitakoa ez zaie berehalakoan ahaztuko ez gazteei ezta nagusiei ere, haiengan geratuko den onura emozionala iraunkorra izango da. Guk horrelako Euskadi bat eraiki nahi dugu, gazteak eta nagusiak elkarri keinuka eta eskutik helduta dituen euskal etxe bat". Lopezek gogoratu du Bergaran izandako auzolandegiaren eredua aurtengo udan Santurtzin eta Lekeition ere gauzatu dela.

BESTE AUZOLANDEGI BATZUK

Muxika (Bizkaia): 18 eta 26 urte bitarteko 23 gaztek, antzinako oinezkoen bideak berreskuratzeari ekin diote bideak markatuz eta garbituz. Uztaileko lehenengo txandaren ostean abuztuan beste txanda bat egongo da.

Santurtzi (Bizkaia): 18 eta 26 urteko bitarteko 18 gaztek, uztailean zehar, Santurtziko Begoñako Andre Mariaren egoitzan sozializazio prozesuan lagundu diete gaur egun egoitzan bizi diren 100 pertsonei.

Maeztu (Araba): 14 eta 17 urte bitarteko 20 nerabek, uztailean zehar, baso batean dagoen Korres auzoko antzinako San Ildefonso asfalto fabrika berreskuratzen eta birgaitzen aritu dira.

Lekeitio (Bizkaia): 18 eta 26 urte bitarteko 37 gaztek, Uribarren Abaroa egoitzan dauden pertsona nagusien garapen integralaren aldeko lana egin dute. Uztaileko lehenengo txandaren ostean abuztuan beste txanda bat egongo da.

Plentzia (Bizkaia): 18 eta 26 urte bitarteko 40 gaztek, Butroe ibaiaren ibilguan zehar dauden zaborrak eta hondakinak garbitzen aritu dira. Uztaileko lehenengo txandaren ostean abuztuan beste txanda bat egongo da.

Berango (Bizkaia): 14 eta 17 urte bitarteko 20 nerabek, abuztuko lehenengo hamabostaldian, herrigunea eta auzoak Burdin Hesiarekin lotzen dituzten udalerriko bideak berreskuratu eta hobetuko dituzte.

Contador

Contenido patrocinado