Euskal Herria Kantuz egunak milaka kantuzale bilduko ditu larunbatean Bilbon

Erramun Mendibelanda margolariak egin du kartela
BILBOKO KONPARTSAK
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 13 junio 2023 14:31

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Euskal Herri osotik heldutako milaka kantuzale bilduko dira Bilbon larunbatean, ekainaren 17an, Euskal Herria Kantuz eguna ospatzeko, '... eta elkartuko gara berriro' lelopean, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

Bilboko Kantuzale Elkarteak, Euskal Herria Kantuz Euskal Herriko kantu taldeen sareak eta Bilboko Konpartsak federazioak antolatu dute ekimena, eta Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, EITBk, Bilboko Alde Zaharreko merkatariek eta Laboral Kutxak babestu dute. Antolatzaileek euskaltzale guztiak deitu dituzte Euskal Herri osotik etorritako kantuzaleekin bat egitera eta parte hartzera.

Euskal Herria Kantuz euskal kantu talde herrikoien sarea 2010ean sortu zenetik, kantu taldeen topaketa antolatzen da urtero, 'Euskal Herria Kantuz' izenpean. Bilbon 2014an izan zen, eta 2020an berriro ere egitekoa zen, baina, pandemia zela medio, bertan behera gelditu zen. Aurten, '...eta elkartuko gara berriro' leloari heldu diote antolatzaileek Bilbora bueltatzeko.

Goizez, 11:00etan hasita, Abando eta Indautxu aldeko hiru gunetan abestuko dute Euskal Herri osotik heldutako kantuzaleek, Kale Nagusia lekuko dela. Bazkaria eta gero, 17:00etan abiatuta, Zazpikaleetan barna, beste lau gune edo geldialdi egongo dira, kantu zerrenda osoa abesteko. 19:00ak aldera, Bai Euskarari ekimenaren 45. urteurrena dela medio, omenaldi bat egingo da Plaza Barrian.

Erramun Mendibelanda margolariak egin du kartela, eta jaialdirako propio sortutako liburua egongo da eskuragarri egunean bertan, kantatuko diren abestiekin. Sakelako gailuetarako 'Kantari app' izeneko aplikazioan dagoeneko eskuragarri daude eguneko kantu zerrenda eta letrak.

Contenido patrocinado