Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa izango da igandean Atxondon (Bizkaia)

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 17 septiembre 2010 14:26

BILBO 17 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketaren 44. edizioa egingo da igande honetan Atxondon (Bizkaia), Axpe auzoan. Lurraldez lurralde txapelketak egin eta gero, txapeldun eta txapeldunorde guztiak lehiatuko dira goizeko 11:00etan hasiko den jaialdian, Gerediaga elkarteko iturriek jakinarazi dutenez.

Laugarren urtez jarraian egingo da Atxondon txapelketa. Axpe auzoko Eleizaburu landan egingo da, Anbotoren magalean eta paraje ezin ikusgarriagoan, Atxondoko Udalaren laguntzarekin. Txapelketaz gain, ikusleek, sarrerako bost eurorekin Kalitatea Fundazioaren eskutik sahieskia eta ardoa dastatzeko modua izango dute.

Guztira 11 txakur eta artzain izango dira lehian txapelketaren 44. edizioan. Txakurrek artzainen aginduetara hiru lan egin beharko dituzte: banderekin finkatutako bide batetik joan behar du txakurrak eta ardiak dauden lekutik urruntzen; landako hesietatik ardiak pasatzea; eta ardiak ezkortan sartzea.

Lehen saria 190 euro, 'Deia' egunkariak emandako txapela, Atxondoko Udalak emandako kopa, Gerediaga ekarteak emandako txapeldun uhala eta oroigarria, eta Kalitatea Fundazioa-Eusko Labelek eskainitako oparia izango dira. Gainontzeko partaideek ere, dirutan ezezik, oroigarri eta opariak jasoko dituzte. Horrez gain, hiru sari berezi emango dira: artzain jantzi onena, euskal artzain txakur arraza onena eta Durangaldeko txakur onena.

Contenido patrocinado