Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatuko da Laudion datorren larunbatean

Euskal Herriko Dantzari Eguna
EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 29 septiembre 2025 11:14

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatuko da Laudion (Araba) datorren larunbatean, urriaren 4an, Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta. Ekitaldiak Euskal Herriko eta diasporako 50 dantza talde inguru bilduko ditu, zazpi euskal lurraldeetako dantzak aurkeztuz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, duela urte batzuetatik hona, eta teknologia berrien eskutik, "zortzigarren lurraldeak" ere bere lekua izan du Euskal Herriko Dantzari Egunean, ez aurrez aurre, tokiko taldeek egiten duten bezala, baizik eta plazan egongo den pantaila handi baten bidez. Ekitaldi nagusian proiektatuko dira diasporako bideoak.

Gainera, egun osoan zehar, Laudioko kaleak eta plazak musikaz, kolorez eta tradizioz beteko dira, bisitariei euskal folklorearen aberastasunaz gozatzeko aukera eskainiz. Egitaraua 11:00etan hasiko da, Folklore Azokarekin (Alberto Acero plaza), eta 12:00eran dantza plaza abiatuko da toki berean Oinkada taldearekin.

Arratsaldez, 17:00etan, kalejira izango da, eta 17:30ean emanaldi nagusia Herriko plazan. 21:00etatik 22:00etara dantzarien afaria izango da, eta 22:30etik aurrera erromeria Iratzar taldearekin. Ekitaldi nagusia zuzenean transmitituko da eta Euskal Dantzarien Biltzarrarren webgunearen bidez zabalduko da (www.dantzagune.eus).

Euskal Dantzarien Biltzarra 1965ean sortu zen, Euskal Herriko dantza, musika eta ohiturak mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko helburuarekin. Diru irabazi asmorik gabeko elkarte soziokulturala da, euskal dantzak sustatu eta babesteko helburua duena.

Contenido patrocinado