DONOSTIA 22 Nov. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko VI. Aurresku Txapelketa Nagusia jokatuko da larunbatean, azaroaren 23an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas etxean, gipuzkoar erara, Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta.
Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, aurten 15 urte beteak dituzten zortzi dantzari ariko dira: Izadi Urbano (Villabona), Mikel Esnaola (Lezo), Amaia Azpeitia (Legazpi), Mattin Etxebeste (Oiartzun), Ihintza Erauskin (Lezo), Irati Olaizola (Legazpi), Naroa Sanchez (Legazpi) eta Manex Elgeta (Oiartzun).
Epaimahaiari dagokionez, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatutako hiru adituk osatuko dute, Jose Luis Vallejok, Maria Ferreirok eta Xabier Mendizabalek, hain zuzen ere.
Hasteko, soinu zaharrarekin, parte hartzaileek 'Betronio handia', 'Ehun dukat' eta 'Graziana' dantzen artean aukeratutako bat dantzatu beharko dute; ondoren, aurrez aurreko edo desafioaren txanda izango da; bukatzeko, zortzikoa dantzatu beharko dute. Lehenengo txandan, dantzariek ohiko jantziaz hornituta dantzatu beharko dute, eta bigarrenean, berriz, janzkera librea izango da.
Irabazleak Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren garaikurra, txapela eta 400 euro eskuratuko ditu, eta ordezkatzen duen udalerriak Tomas Murua sari nagusia bere udaletxean urtebetez gordetzeko aukera izango du. Bigarren sailkatuak 300 euro eta garaikurra lortuko ditu, eta hirugarrenak 200 euro eta garaikurra.
Laugarren postutik seigarrenera bitarte sailkatzen direnek 100na euroko dieta jasoko dute, eta lehenengo sei postuetan sailkatzen ez diren dantzariek 80na euroko dieta.
Sarrera doakoa da, baina gonbidapena aldez aurretik eskuratu beharko da Hondarribiko Arma plazan edota https://tickets.kutxabank.es/#/eu/ webgunean.