DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)
Euskaraldiaren laugarren edizioaren prestaketa lanak abian dira, eta berritasun nagusia da data aldatu eta 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango dela. Antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio ikusi dutelako "ariketa eraginkorra" dela eta "aldaketak" ekartzen dituela.
Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu dira ostegun honetan Donostiako Tabakaleran Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Javier Arakama Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea.
Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa, laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango baita.
Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tarte bat hartu zuten antolatzaileek. "Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa. Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereizki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausoetan ere", azaldu du Urkijok.
Ildo horretan, edizioz edizio egindako ikerketen emaitzak zein parte hartzaileek eta entitateek egindako ekarpenak aipatu ditu Euskaraldiko koordinatzaileak: "Euskaraldia eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela erakusten dute iturri ezberdin horietatik jasotako mezu zein ondorioek".
Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute ariketa udaberrira, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi delako eta bizitasun sozial handiagoa izaten delako kalean. "Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan", azaldu du Urkijok.
Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute antolatzaileek, laugarren edizioan. Txapa ezinbesteko elementua da ariketan. Txapak ahalbideratzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek estres linguistikoa nabarmen murrizten du, eta hori ezinbestekoa da ariketa modu erosoagoan egiteko. "Eta txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da, ziurrenik, udaberrian", gaineratu du.
Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa, bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita.
Laugarren edizioa, hortaz, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, 11 egunetan. "Uste dugu 11 egun izateak ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbideratuko duela, sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du", esan du Urkijok.
Euskaraldiaren hurrengo edizioa ontzeko bidean, ikerketako datuak eta jarraibideak kontutan hartu badira ere, gizarteko hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak ere jaso ditu Euskaraldiko lantaldeak.
"EUSKARARKO JAUZIA"
Bestalde, Irati Iciarrek aipatu duenez, Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka herritarrek beren hizkuntza ohiturak aldatu eta "euskararako jauzia" eman dutela ariketari esker, familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan. Bada, hurrengo edizioan ere horri jarraipena emango diotela esan du.
Hirugarren edizioaren ikerketak erakutsi du, besteak beste, parte hartzaileen artean euskaraz zekitenekin une oro euskaraz egiten zutenak %63,9 zirela ariketaren aurretik eta %78,9 ariketa amaitu ondoren, ariketan zehar proportzioa %85,9ra iritsiz. "Beraz, euskararen erabilera altuagoa da Euskaraldian parte hartu ondoren, aurretik baino", azpimarratu du Iciarrek.
Bere hitzetan, "Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta euskararen biziberritze prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa".
Iciarrek adierazi du Euskaraldiak ordura arte "ezohikoak ziren erabilera mota batzuk normalizatu eta legitimatu" dituela gizartean. Bere ustez, euskarak historian zehar jasan dituen bazterketa eta debekuen ondorioz, euskaldunek euskararentzat murriztaileak izan diren hainbat erabilera ohitura barneratu dituzte, esaterako, ezezagunei lehen hitza automatikoki erdaraz egitearena.
Ikerketak erakusten duenez, Euskaraldiak hizkuntza ohitura batzuk gero eta ohikoagoak bihurtzen ditu: esaterako, lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik eta %75,9 ondoren, edo elkarrizketa elebidunetan euskarari eusten ziotenak %44,6 ziren aurretik eta %76,6 ondoren. "Datuek erakusten dutenez, nabarmen emendatu da ohitura hauek barneratu eta praktikara daramatzaten hiztunen kopurua", azpimarratu du.
Horrela, hurrengo edizioan arreta berezia jarri nahi dute antolatzaileek ohitura hauek gizarteratzeko eta errotzen jarraitzeko. "Izan ere, ez dira gauetik goizera modu masiboan zabalduko. Horregatik da garrantzitsua Euskaraldiaren ariketa soziala errepikatzea eta proposamen horiek berritzea, gizarteari urrats horiek egin ditzan berriro planteatzea eta pedagogia sozial indartsua burutzea aldian behin", esan du.
PARTAIDETZA ZABALA
Bestalde, Bingen Zupiriaren esanetan, Euskaraldiaren helburu nagusia hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea da eta, beraz, eraginkorra izango bada, konpromiso zehatzak hartuko dituzten herritarren partaidetza zabala behar du.
Jaurlaritzako ordezkariak adierazi duenez, "Euskaraldiak bere helburuak bete ditzan, herriz herriko eta auzoz auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen ditu".
Gainera, Euskaraldiak adostasun handia biltzen duela nabarmendu du, eta hori dela duen indargunerik nagusienetako bat, esparru askotan ikuspegi desberdinak izan ditzaketen pertsonak edo erakundeak biltzen baitira Euskaraldian.
"Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du. Horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrerapausoak ematea, hizkuntza ohiturak denen laguntzarekin aldatzea", nabarmendu du.
Azkenik, Javier Arakama Euskaraldiaren eraginaren inguruan mintzatu da. Bere esanetan, ariketaren helburua pertsonen arteko harremanetan euskararen aldeko hizkuntza ohiturak sendotzea edo aldatzea da. "Hori da bere jomuga, eta horretara mugatzen da. Beraz, Euskaraldia ez da euskarak dituen behar eta gaitz guztien sendagailua", gaineratu du.
Edonola ere, ariketak hausnarketarako eta eztabaidarako aukerak eta aitzakiak ere ugaltzen dituela esan du Arakamak, euskararen gaiak agenda sozial, politiko eta komunikatiboan lehentasunezko lekua hartzen baitu ariketaren ingurumarian.