Frantsesa-euskara itzultzaile neuronala hobetzeko hitzarmena egin dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Jaurlaritzak

Antton Curutcharry eta Miren Dobaran
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 27 enero 2022 17:46

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharryk bi erakundeen arteko hitzarmena aurkeztu dute ostegun honetan Baionan, Euskararen Erakunde Publikoarren corpus linguistikoa Jaurlaritzaren esku uzteko, eta horrela, 2019an abiatutako Itzuli itzultzaile neuronala (www.euskadi.eus/itzuli) entrenatzeko eta hobetzeko. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du eta aldeek hala nahi izanez gero beste lau urterako luzatu ahal izango da.

Azaldu dutenez, itzultzaile automatiko neuronalak corpus elebidun handiak behar ditu, kalitatekoak, bere entrenamendua bultzatu, ikasi eta itzulpenak hobetzeko. Bada, Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako hitzarmenak hobetu egingo ditu euskararen eta frantsesaren arteko bi norabideetako itzulpenak, eta, aldi berean, Ipar Euskal Herrio erakundeak bere webgunean izango du itzultzailea eta erabiltzaileei eskainiko die web bidezko zerbitzua.

Adimen artifizialari esker garatutako tresna da Itzuli itzultzaile automatikoa. 2019an jarri zen martxan eta ordutik sareko itzultzaile orokorra eta juridiko-administratiboa daude. Eskuko telefonoetan ere erabili daiteke Android eta iOS-erako aplikazioa instalatuta, eta Itzuli+ tresna barra (www.euskadi.eus/itzuliplus) ere garatu da, itzultzaileaz gain, hiztegiak eta euskarazko Wikipedia ere eskura jartzen dituena.

Gainera, Itzuli itzultzaile neuronalari adimen artifizialari esker garatutako ahotsaren sintesia eta ezagutza (transkripzioa) gehitzeko lanean ari da egun Lakuako Gobernua.

EUSKARAREBN INGURUNE DIGITALA

Eusko Jaurlaritzak 'Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024' dokumentua aurkeztu zuen 2021eko maiatzean eta bertan biltzen diren helburu nagusiekin egiten dute bat itzultzailea aberasteko ekimenek.

Batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak sinatutako hitzarmena "urrats bat gehiago da" euskarazko eduki digitalak eta euskarazko tresnak, aplikazioak eta baliabide digitalak sustatzen laguntzeko eta, bestetik, euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematen die, betiere, erabilera areagotzeko helburuz.

Miren Dobaranek azaldu duenez, "tresna hauek erabilita, euskararen erabilera eta presentzia areagotuko da Iparraldean eta, laguntza-tresna horiei esker, erabiltzaileek euskara lanean edo eskolan erabiltzeko orduan konfiantza bereganatuko dute. Tresnak etengabe hobetzen eta osatzen ari dira eta gero eta aukera gehiago eskainiko dute".

Bestalde, Curutcharryk "mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia" nabarmendu du, "ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilpena sustatzeko". "Ingurune digitala euskaldundu behar dugu biztanlerian eta bereziki gazteengan duen eragina ikusirik. Behar hori argi dugu aspalditik eta 'Nola Erran' hiztegi digitalak izan duen eta oraino duen arrakastak garbi uzten du", gaineratu du.

Contenido patrocinado