"Gabriel Aresti. Una biografía de Bilbao" liburua aurkeztuko dute ostegunean

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 19 enero 2016 13:32

BILBO 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Seve Callejaren "Gabriel Aresti. Una biografía de Bilbao" liburu berriaren aurkezpena egingo da Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturgunean datorren ostegunean, urtarrilaren 21ean. Aresti Kultur Elkartearen eta Erein argitaletxearen eskutik, eta egilearengandik eta bere lanetik gertu egon ziren zenbait pertsonaren testigantzari esker, Callejak poeta bilbotarraren eta hiriaren soslaia eskaintzen du, "Arestirentzat zein Bilborentzat oso konplexua izan zen garaian".

Aurkezpena Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean -sarrera librea izango da aretoko leku guztiak bete arte-, eta parte hartzaileen artean Andere Aresti eta Aresti Kultur Elkarteko Xabier Monasterio egongo dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Gabriel Aresti, poeta eta euskaltzale sutsua izateaz gain, pertsona alaia eta agonikoa izan zen, etengabeko bidaiaria Bilbon zehar, "ekosistema liriko eta bizipenekoa" zituena. "Horregatik, hiria hobeto ezagutu nahi duenak bera bezalakoen eskutik eta gidaritzapean egin beharko du, eta, aldi berean, bere poesiara gehiago hurbildu nahi duenak orrialde hauetako mapa zabal dezake, eta bertan aurkituko dituen irudien eta oharren bitartez, bere hiria, bere lana eta bizitza eraikitzeko oinarri bilakatu zuen bilbotarraren ariman sakondu ahal izango du", azaldu du.

"Gabriel Aresti. Una biografía de Bilbao" lanaren bitartez, irakurleak bere haurtzaroa, adiskideak eta idazlea ibilitako lekuak ezagutzeko aukera izango du eta, aldi berean, baita urte haietan Bilbok bizi izan zuen hiri eraldaketa ere.

SEVE CALLEJA

Seve Calleja (Zamora, 1953) Euskal Herrian bizi da umetatik, eta Hizkuntza eta Literatura irakaslea da Bilboko Miguel de Unamuno institutuan. Literaturan poesiarekin eta helduentzako ipuinekin hasi zen, eta Zurgai poesia taldeko kide izateaz gain, Ignacio Aldecoa ipuin saria irabazi zuen 1981ean.

Ez ditu inoiz alde batera utzi helduentzako lanak, baina bere benetako debozioa gazteei zuzendutako liburuak dira. Hori da irakurle eta kritikari edo ikerlari eta irakasle gisa denbora gehien kentzen dion literaturaren alorra. Gazteei zuzendutako literaturari buruzko azterlanak eta artikuluak egin eta ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu. Horrez gain, zenbait sari garrantzitsu ere irabazi ditu arlo horietan.

Contenido patrocinado