Gabriel Arestiren argitaratu gabeko idazlanak dituen liburu bat kaleratu dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 29 noviembre 2016 13:57

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Jon Kortazar idazle, saiakeragile eta literatur kritikariak eta Paulo Kortazar irakasleak Gabriel Arestiren argitaratu gabeko poemak biltzen dituen "Mailu batekin: Biola batekin" liburua aurkeztu dute astearte honetan. Poemekin batera, orain arte argitaratu gabeko bederatzi eskutitz ere jaso dira.

Poemak 1962koak dira, "Harri eta Herri" lana argitaratu aurrekoak. Gainera, liburuan gerora "Euskal Harria" (1967) izango zenaren lehenengo bertsioa dago, baina urte batzuk lehenagokoa denez, poeta bilbotarraren poesia sozialaren historiara batu beharko litzatekeela adierazi dute aurkezpenean.

"Ukaezina da hemen jasotzen diren eskutitzen balio historikoa, idazle bilbotarraren bizitza eta lana hobeto ezagutzen laguntzen baitute. Hain da hori horrela ze, gai asko aipatzen dituela eskutitzotan. Lehenengo eskutitzean, esaterako, Gabriel Arestik 22 urte besterik ez zituen eta Euskaltzaindiari idazten dio, gerora lotura estua izango zuen erakundeari", azaldu dute.

Orain arte argitaratu gabe egon diren gutunetan hainbat gai jorratzen dira: Euskaltzaindiarekin izan zuen harremana ageri da 1965eko batean; euskara batuaren defentsa; Juan San Martinekin izandako eskutitz trukean bere literatur proiektuei buruzko informazio baliotsua ageri da, baita bere ideologia politikoa ere.

1967an Arestik Agustin Ibarrolaren ilustrazioekin osatu zituen bere testuak, lagun handia zuelako. Bada, astearte honetan, Naiel Ibarrola Agustinen iloba izan da testuekin batera doazen irudien egilea.

Argitalpena "aurrerapausoa" da Gabriel Arestiren lana hobeto ezagutzeko, eta garrantzitsua da poetaren bilakaera poetikoaz genuen ustea aldatzen duelako. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak "Mailu batekin: biola batekin" liburuaren 1000 ale argitaratu ditu, eta Bizkaiko zenbait liburu-dendatan eskuratu ahal izango da.

Aurkezpenean Gabriel Arestiren senideak, Euskaltzaindiaren ordezkariak eta Bilboko poeta, nobelagile eta dramaturgo handiaren lana gertutik jarraitu duten pertsonak egon dira.

Contenido patrocinado