Gasteizko Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalaren lehiaketara lanak aurkezteko epea igandean bukatuko da

Lehiaketaren kartela.
GAZTE KLIK KLAK
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 22 octubre 2022 13:31

GASTEIZ 22 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udalak antolatutako Gazte Klik Klak lehiaketara proposamenak aurkezteko epea igandean amaituko da, urriaren 23an. Jakinmin artistikoa eta argazkigintza edota bideoa adierazpide duten eta Gasteizen bizi, lan egin edo ikasten duten 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago ekimena.

Gazteria Zerbitzuak antolatutako lehiaketaren 14. aldia da, eta proposatzen du Gasteiz argazkitan jasotzea hainbat kasualitate gertatzen diren leku gisa, lehiaketaren gaia "zoria" baita aurten. Gai horren bidez, "gazteek ustekabearekin topo egitea da helburua, baita akatsarekin ere, teknika kontrolatuen ikuspegia eta kamera bera askatuz", antolatzaileek azaldu dutenez.

Interesdunek igandera bitarte aurkeztu beharko dituzte lanak, CD edo DVD euskarrian, Gazte Informaziorako Udal Bulegoan edo gazteklikklak@gmail.com helbide elektronikoaren bitaztez, deialdiaren oinarrietan jasotako argibideei jarraituz (www.vitoria-gasteiz.org/gazte-klik-klak-en ikusgai). Abenduan erakusketa kolektiboa egingo da hautautako proiektuekin, sarituak izan edo ez.

Lehiaketaren irabazleek argazkilaritza eta bideo digitalaren inguruko prestakuntza programa batean hartuko dute parte, tutoretzapean, baita argazkien eta bideoen sorkuntza eta erakusketa prozesu oso batean ere, 2023ko bigarren hiruhilekoan. Era berean, 300 euroko opari bonua irabaziko dute argazki eta bideo materiala erosteko bertako merkataritzan.

Contenido patrocinado