GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)
Gasteizko Herritartasunerako Eskola Irekiak (HEI) astelehen honetan aurkeztu du Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean kokaturiko egoitza berria, San Ignazio Loiolakoaren kalean. Eskolaren erreferentziazko kokalekua ikasturte honetatik aurrera, bertan egingo baitira programatutako jarduera gehienak.
Gune berriari esker, HEIk egoitza propioa izango du bere zortzi urteko ibilbidean lehen aldiz, eta horrek mugarri garrantzitsua ezarri du bere ibilbidean. Gainera, herritarren topaketarako eta partaidetzarako leku gisa betetzen duen funtzioa indartuko du, Gasteizko Udaletik nabarmendu dutenez.
Hain zuzen ere, Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak ziurtatu du egoitza berria "leku fisiko hutsa baino gehiago" dela, "Gasteizen kultura parte hartzailea indartzeko udalak duen konpromisoaren ikurra" ere badelako.
"Egoitza hori herritarren partaidetzarako benetako erreferente bihurtzea da helburua. Denek ezagutzen duten lekua eta, elkarte, kolektibo eta, oro har, herritarrentzako irisgarria den eta irekita dagoen lekua izatea nahi dugu", azaldu du.
HEI gune irekia, anitza eta malgua da, prestakuntzaren, hausnarketaren eta deliberazioaren bidez, herritarren parte hartzea sustatu nahi duena. Herritarren Parte Hartzerako Udal Zerbitzuak egiten du jardueren egitaraua, eta herritarrak modu antolatuan edo antolatu gabe udal politikan eta kudeaketan modu aktiboan eta prestakuntza eta motibazio handiagoarekin barnera daitezen diseinatuta dago.
Eskola, hitzaldi eta lantegiak eskjaintzearekin batera, parte hartzen, arlo publikoaren funtzionamendua ulertzen eta hiriko bizitzan inplikatzeko trebetasunak garatzen ere irakasten du. "Duela zortzi urte Partaidetzarako Udal Planaren barruan sortu zenetik, HEI herritar kritiko eta konprometituak trebatzen laguntzen duen topagune gisa sendotu da", azpimarratu du zinegotziak.
EGITARAUA
Udaren ondoren, HEI askotariko programazioarekin itzuliko da, topaketako eta ikaskuntza partekatuko espazioak sortzen jarraitzeko. Hitzordu aipagarrienen artean, Cristina Monge politologo eta soziologoak desafekzio politikoko testuinguruan konfiantza nola berreraiki daitekeen azalduko du bere hitzaldian.
Era berean, 'Ezagutu Gasteiz' ekimenaren esparruan, bisitak egingo dira Pilar Arostegi Udal Artxibora eta udaletxera, erakunde horien historia eta funtzionamendua hobeto ezagutzeko eta hiriko eguneroko bizitzan betetzen duten funtzioan sakontzeko.
Gaitasun sozialei buruzko lantegietan, komunikazio gaitasunak hobetzera bideratutakoa eta emozioen jakinduriari buruzkoa (euskaraz izango da) daude, eta Elkarteekin egiten den lana sendotzeko, Gasteizko Udalak ematen dituen diru laguntzak justifikatzeko moduari buruzko lantegia eskainiko da. Beste lantegi batek, aldiz, berdintasuna eta inklusioa sakonduko ditu.
Gainera, mahai inguruak antolatuko dira elkarlaneko arteari eta espazio publikoaren eraldaketari buruz alde batetik, eta merkatu alternatiboei buruz bestetik. Era berean, ikastetxeei zuzendutako HEI Txiki Vital atalarekin jarraitukoi du, Vital Fundazioarekin lankidetza.
HEIren jardueretarako izen-ematea asteratean irekiko da, irailaren 23an. Jarduera guztiak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da (zine-forumetan izan ezik, horietan sarrera librea baita lekua bete arte). Internetez (www.vitoria-gasteiz.org/hei), 010 telefono zenbakian edo udal kirol instalazioetan eta gizarte etxeetan dauden informazio bulegoetan egin daiteke izen-ematea.