Gasteizko Udalak Maria Sarmiento plaza eraberritzeko lanak hasiko ditru astearte honetan

Artolazabal lanak azaltzen.
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 7 mayo 2024 9:10

GASTEIZ 7 May. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udalak Maria Sarmiento plaza osorik eraberritzeko lanak hasiko ditu astearte honetan, maiatzaren 7an, eta sei hilabete iraungo dute. Obrek ia 764.000 euroko inbertsioa eskatuko dute, Next Generation EU funtsen finantzaketarekin.

Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "Gasteiz erakargarri eta biziduna bultzatzeko lan egiten dugu eta, horretarako, kalitatezko hirigintza proiektuak bideratu behar dira. Horietako bat da, hain zuzen ere, Maria Sarmiento plazan egingo dugun hau, Europar Batasunaren babesa jasotzen duena. Palanka guztiak aprobetxatuko ditugu espazio erakargarriak lortzeko, erdialdean hirigune atseginagoak eta irisgarriagoak sortzen jarraitzeko".

Artolazabalek bilera egin zuen astelehenean Abastos plazako, El Corte Inglés-ko, Taxilarien Elkarteko, Gasteiz On elkarteko eta Aenkomerreko arduradunekin, lanei buruzko xehetasunak emateko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Maria Sarmiento plazako obrek sei hilabete iraungo dute, eta bi fasetan egingo dira. Plazaren erdigunetik hasiko dituzte lanak eta, aurreratuta daudenean, gainerakoei ekingo diete. 1.470 metro koadroko azaleran jardungo da.

Lanen helburu nagusia plazaren estetika hobetzea izango da. Horrela, zoladura eta altzari berriak jarriko dituzte, iturri bat eraikiko dute, berdegune berriak sortuko dituzte eta landaredia izango duen parterre berri bat egingo dute. Argiztapena, saneamendua eta drainatzea ere berrituko dituzte.

Artolazabalen hitzetan, "erdiguneko plaza honi buelta bat eman nahi diogu: irudi berria. Itxura grisa du gaur egun, triste samarra, eta, berritu eta erakargarriago bihurtu nahi dugu. Inguruko bizilagunentzat, hemen paseatzen dugun guztiontzat eta inguruko saltokientzat erakargarriagoa den gune bihurtu nahi dugu".

Gasteizko Udalak hiriko erdigunea biziberritzeko eta inguruko merkataritza eta bizitza bultzatzeko garatzen duen estrategiari lotuta dago espazio hori eraberritzea. "Erdigunea espazio publiko moderno eta erosoekin eraberritu nahi dugu", adierazi du alkateordeak.

Horrekin lotuta, hiriaren erdigunean egindako azken ekintzen eta laster egingo dituztenen errepasoa egin du, eta El Corte Inglés merkataritza guneko zamalanetarako kaia, Santa Barbara plazaren edo Errege Atea kalearen zaharberritze lan integralak eta Olagibelen, Foru kalean eta Errege Atean jartzen hasi diren altzari berriak aipatu ditu.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado