Gazteek indarkeria matxistaren aurrean jarrera kritikoa erakusteko Beldur Barik bideo lehiaketa abian da

Gazteek indarkeria matxistaren aurrean jarrera kritikoa erakusteko Beldur Barik bideo lehiaketa abian da
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 22 septiembre 2026 12:24

BILBO 22 (EUROPA PRESS)

Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera sustatzen duen Beldur Barik ikus-entzunezkoen lehiaketaren hamazazpigarren edizioa aurkeztu da astearte honetan Bilboko Urretxindorra ikastolan. Programaren helburu nagusia da gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea eta indarkeria hori erreproduzitzen duten jarrera, mezu eta kultur adierazpenen aurrean jarrera kritikoa eta irmoa sustatzea. Parte hartzea zabalik dago abenduaren 1era arte eta izen-ematea lehiaketaren webgunearen bidez egin beharko da.

Iazko edizioko Urretxindorra ikastolako talde irabazleak bere esperientziak eta hausnarketak partekatu ditu gainerako ikasleekin aurkezpen agerraldian, eta tailer bat ere egin da ikasleekin, indarkeria matxista egoerak nola identifikatu eta aurre egin aztertzeko.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak positibotzat jo du ekintza hori, "gazteekin lan egitea lehentasuna delako euskal erakundeentzat, batez ere egungo testuinguruan, non gazteek, batez ere ingurune digitaletik, berdintasunaren aurkako eta indarkeria matxista hutsaltzen duten hainbeste mezu jasotzen dituzten".

"Gizarte osoak mezu horiek neutralizatzeko ahalegina egin behar du, gazteak sentsibilizatuz, baina, batez ere, euren ahotsa entzun eta tresnak eskainiz, hori baita Beldur Barik lehiaketaren bidez egiten duguna", nabarmendu du.

Aurtengo edizioaren berritasunetako bat da adin tartea 10 urtetik aurrera zabaldu dela, "haurtzarotik indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko beharragatik, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak sustatuz eta nesken ahalduntzean zein mutilek berdintasunarekin duten inplikazioan eraginez".

'BELDUR BARIK JARRERA'

Lehiaketara aurkezten diren lanek 'Beldur Barik Jarrera' islatu behar dute: indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinak identifikatu eta horien aurrean jarrera kritikoa erakutsi, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa adierazi. Gazteek ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edo emakumeen etxeen bidez aurkeztu ahal izango dituzte lanak, edo, bestela, beren kabuz parte hartu ahal izango dute.

2026ko edizioa 10 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta hiru kategoria izango ditu adinaren arabera: 1. kategoria 10-11 urte (2016an eta 2015ean jaiotakoak), 2. kategoria 12-15 urte (2014 eta 2011 artean jaiotakoak) eta 3. kategoria 16-20 urte (2010 eta 2006 artean jaiotakoak). Aurten, berrikuntza gisa, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek ere parte hartu ahal izango dute lehiaketan.

Lehiaketaren oinarriak Beldur Barik programaren webgunean kontsulta daitezke, eta bertan, lehiaketari buruzko informazioaz gain, bideoak sortzeko lagungarri izan daitezkeen hainbat material ere aurkitu daitezke.

Parte hartzea zabalik dago abenduaren 1era arte, eta izen-ematea lehiaketaren webgunearen bidez egin beharko da. Kategoria bakoitzeko irabazleek 650 euroko sariak eskuratuko dituzte, eta publikoaren sariaren zein ikus-entzunezko lan onenaren sariaren irabazleek 200 euro eta liburu sorta. Lan sarituak 2027ko urtarrilean egingo den Beldur Barik Topaketan aurkeztuko dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.

Contador

Contenido patrocinado