GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)
Etekin ekonomia topaketen 2025eko edizioko bigarren saioa egin da asteazken honetan Gasteizko Goiuri jauregiak, 'Geopolitika eta enpresa: arriskuak eta erabakiak ziurgabetasunean' izenburupean, eta goi mailako hiru aditu bildu ditu gaiaren inguruan dituzten ikuspuntu ezberdinak partekatzeko.
Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria, Ekhi Atutxa Deusto Business School ikastegiko Ekonomia saileko koordinatzaile, irakasle eta ikerlaria eta Leire Mancisidor Stellum Capital enpresako Inbertsio zuzendaria izan dira hizlariak, topaketen sustatzaile Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
"Mundua gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasun handiagokoa bihurtzen ari den garaian, enpresen eta erakundeen egokitzeko gaitasuna funtsezkoa da", eta gai horren inguruan hausnartzeko aukera izan da Etekin topaketen 2025eko bigarren saioan.
Hiru hizlariek ikuspegi osagarriak eskaini dituzte, sektore publikoaren estrategia eta politikak, akademiaren ikuspegi teoriko eta analitikoa, eta inbertsioaren eta finantza estrategikoaren ikuspegia, besteak beste.
Alde batetik, enpresek eta erakundeek gaur egungo testuinguru geopolitikoan aurre egin behar dieten arrisku nagusiak aztertu ditu Ekhi Atutxak, eta bereziki landu du arriskuen kudeaketa sistematiko batek nola lagun dezakeen ziurgabetasun egoeretan erabaki sendoagoak hartzen, eta zein indargune eta ahulgune dituen Euskal Herriko enpresa sareak mundu mailako tentsio ekonomiko eta geopolitikoen aurrean.
"Arriskuen kudeaketa sistematikoa ez da soilik babes mekanismo bat, baizik eta erabaki estrategikoak hartzeko oinarria. Ezin ditzakegu arriskuak guztiz desagerrarazi, baina ulertu, partekatu eta aurreikusteko gaitasuna badaukagu, eta hori funtsezkoa da", azaldu du Atutxak.
Bestalde, Asier Aranbarrik tokiko enpresek, administrazioek eta unibertsitateek izan dezaketen rola izan du hizpide, erresilientzia kolektiboa sendotzeko eta egoera aldakorrera egokitzeko.
Bere hitzetan, "munduan egon daitezkeen tentazio polarizatzaile eta muturrekoen aurrean, gure garapen jasangarriko eredua balioan jartzeko unea da. Lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen den eredua, komunitatea indartzeko helburuarekin".
Era berean, Leire Mancisidorrek euskal gizarteak eta bere eragileek hurrengo hamarkadan hartu beharko luketen norabide estrategikoaz hausnartu du, kontuan hartuta bai arrisku geopolitikoak eta sistemikoak.
"Gure inguruko enpresen tamaina handitzeko hainbat proiektu jaio dira azken urteotan, Stellum Capital barne, eta denon artean gure industria sareak duen ahulezia hori gainditzeko urratsak eman nahi ditugu gure lurraldeko enpresen hazkunde organikoa eta ez-organikoa bultzatuz", esan du.
Solasaldiak mahai inguru formatua izan du, gaia ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko asmoz, eta gidaria Asier Otegui kazetaria izan da. Bertaratutakoek geopolitikaren eta ziurgabetasunaren testuinguruan enpresek dituzten erronkak eta aukera estrategikoak sakonki aztertzeko aukera izan dute. Amaieran, gosari informal batek parte hartzaileen arteko iritzi trukea eta sarea sendotzea ahalbidetu du.
ETEKIN
Eusko Jaurlaritzak eta hainbat finantza entitatek 2024an abiatu zuten Etekin ekonomia topaketen zikloa, ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatzeko eta harremanetarako bilgune bat sortzeko asmoz. Jaurlaritza eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria ekimenak.
Lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, proiektuari jarraipena eman nahi izan zaio eta Bankoa Abancak, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatu dute bigarren edizioa.
Aurten ere, EAEko hiru hiriburuetan egingo da. Lehen topaketa martxoaren 26an izan zen Donostian, eta Gasteizen izan da bigarrena asteazken honetan. Aurtengo edizioaren azken saioa Bilbon izango da, urriaren 22an.