Georges Lacombe hizkuntzalariaren artxiboari eta bibliotekari buruzko erakusketa ireki dute Bergaran

Erakusketa ikusten.
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 9 noviembre 2023 13:22

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak 'Ontzako urrearen truk' erakusketa ireki dute Gipuzkoako udalerriko Olaso Dorrean. Bertan, George Lacombe hizkuntzalari eta euskaltzain osoaren agiritegi eta blibliotekari buruzko jakingarriak ematen dira, hamar paneletan banaturik. Bi beira arasa ere jarri dira, dokumentu eta liburu jakin batzuk erakusteko.

Gorka Artola Bergarako alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko kideak aurekztu dute abenduaren 1era bitarte ikusgai izango den erakusketa.

Azaldu dutenez, Georges Lacombe euskarari lotutako dokumentu oro biltzen saiatu zen bizitza osoan, eta horretarako, bere ondasunak erabili zituen oparo. Bereziki, hainbat artxibofunts erosi zituen, biltzaileak hil ostean. Ondorioz, "esan daiteke XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusietakoa bildu zuela, agian nagusia, guztiz ezinbestekoa euskal kulturaren historia ezagutzeko".

Erakusketan, Georges Lacombe, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren biografia laburrak erakusten dira, agiritegiak eginiko bidaia bitxiarekin batera. Ondoren, funtsaren atalak azaltzen dira, artxiboak gordetzen dituen dokumentu deigarrienekin batera, hots, Xahoren 'Kantutegi' ospetsua eta Louis Lucien Bonaparteren gutunak. Bi arasa ere jarri dira, bisitariek dokumentu eta liburu batzuk bertatik bertara ikus ditzaten.

Azkenik, bi hitzaldi antolatu dira, Lacomberen funtsaren garrantzia azaltzeko. Lehenengoa azaroaren 23an izango da, 19:00etan: Jabier Kaltzakorta ikertzaile eta euskaltzain osoak Georges Lacomberen artxibo eta bibliotekaren nondik norakoak agertuko ditu. Bigarren berbaldia azaroaren 29an izango da (19:00etan), eta bertan Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazleak Telesforo Monzonen kulturgintza izango du mintzagai. Hitzaldi biak Olaso Dorrean izango dira.

GEORGES LACOMBE

Georges Lacombe (1879-1947) hizkuntzalaria izan zen, eta euskaltzain oso ia Euskaltzaindiaren sorreratik. Euskal Herritik kanpo jaio zen Lacombe, Ortheze herrian, Bearnon, baina ama euskalduna zuen, Donapaleukoa (Nafarroa Beherea). Umetan ez zekien euskaraz, baina gaztetxoa zenean hasi zen ikasten, amaren laguntzaz, eta guztiz menperatzera iritsi zen.

Filosofia ikasi zuen Sorbonan, eta bertako giro intelektualean ibili zen urte askoan. Bizitza osoa eman zuen Paris eta Euskal Herriaren artean. Negua Parisen ematen zuen, eta udara Ipar Euskal Herrian, Baionan eta Alduden.

Euskarari lotutako lan ugari egin zituen. Aldudeko eta Zuberoako hizkerei buruzko lanak egin zituen; euskal gramatikaren saiakera bat idatzi eta euskal idazle klasikoei buruzko lanak ere argitaratu zituen.

Euskaltzaleen Biltzarreko kide eta buru izan zen, 'RIEV' aldizkariko idazkari eta kolaboratzailea, eta garaiko giro euskaltzalean murgilduta egon zen, Eusko Ikaskuntza, Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Cercle d'Etudes Euskarienes eta Musèe Basque-n, esaterako.

Asko idatzi zuen euskarari buruz, baina euskararen ezagutzari egindako ekarpen handiena izan zen bilduma dokumental itzela osatu izana. Bizitza osoan zehar eskuratu eta gorde zituen askotariko dokumentuak Euskal Herriko hizkuntza, historia eta kulturari buruz, eta berari esker heldu dira guganaino. XIX. eta XX. mendeetako euskalaritzari buruzko funts nagusienetakoa atondu zuen, garrantzitsuena, agian.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado