GERNIKA JAI ALAI ELKARTEA
BILBO 26 Jun. (EUROPA PRESS) -
Gernika Jai Alai Elkarteak udalerri bizkaitarreko Jai Alai frontoiaren 50. urteurrena ospatzeko ekintzen egitaraua antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernika-Lumoko Udalaren laguntzarekin. "Zesta Puntaren Katedralaren" mende erdia ospatzeko ekintzen egitarauak eraikinaren balore arkitektonikoak, gizartean, ekonomian eta historian zesta puntak izan duen garrantzia eta bere nazioarte mailako hedapena ezagutaraziko ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok, Gernika Jai Alai Elkarteko presidente Miren Lourdes Garayk eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok aurkeztu dute prentsaurrekoan ekitaldien egitaraua.
Gernikako Jai Alai frontoiak 50 urte beteko ditu larunbatean, ekainaren 29an, eta egun horretan, frontoiaren ezaugarri arkitektonikoen gaineko hitzaldia antolatu du. Hitzaldia Lilia Maure Rubiok madrildar arkitekto ospetsuak eskainiko dau, Secundino Zuazo frontoiaren egilearen lanean aditua baita. Ander de la Fuente Arana arkitekto gernikarrak aurkeztuko du hitzaldia.
Halaber, zesta puntaren ezagupena zabaltzeko helburuarekin bat eginez, erakusketa bat ere antolatu da, zesta puntaren iragana eta oraina zaleari zein hasiberriari hurbiltzeko. Erakusketan lehen aldiz aurkeztuko dira zesta puntaren eta euskal kulturaren zale diren norbanakoek emandako dokumentu eta funts batzuk. Uztailaren 17an inauguratuko da erakusketa eta uda guztian zehar egongo da zabalik.
FOROA
Halaber, frontoi gernikarraren 50. urteurrena zesta punta berreskuratzeko "inflexio-puntua" izatea nahi da, eta horrela, kirolaren oraina eta geroari buruzko eztabaida foro bat prestatu da. Klubek, federazioek, enpresarioek, frontoien intendenteek, tokiko kirol arduradunek edota komunikabideek parte hartzea espero da, zesta punta bultzatzeko bakoitzak bere etorkizuneko proposamena ekartzeko.
Eztabaida foroa hiru ardatz nagusien inguruan planteatu da: zesta punta oinarrizko edo eskola kirol bezala; amateur kirol bezala; eta kirol profesional bezala.
Foroa uztailaren 19an egingo da, eta interesa duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, publikoari zabalik egongo baita, galderak egiteko txandetan guztiek parte hartzeko aukera izanik.
Gernikako Jai Alai frontoiaren 50. urteurrenaren ospakizunak borobiltzeko, "zesta puntaren ikuskizunarekin, edertasunarekin eta jokoaren indarrarekin gozatzeko aukera" eskainiko da, abuzturako prestatu den kirol egitarauan. Bertan, zesta punta amateur eta profesionalak batuko dira eta uztailean aurkeztuko da prentsaurrekoan.