GASTEIZ 5 Jul. (EUROPA PRESS) -
GEU Gasteiz Euskalduna irabazi asmorik gabeko elkarteak diru bilketa kanpaina bat jarri du abian Itsulapiko plataforman: https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/euskararen-txanda-.... Covid-19ak eragindako egoeran elkarteak izango duen diru galerari aurre egitea da kanpainaren helburua, Gasteizen euskararen sustapenaren aldeko ekimenak antolatzen jarraitu ahal izateko.
GEU elkartetik jakinarazi dutenez, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan Matxete-Aihotz plazan jartzen duten txosna da elkartearen diru iturri garrantzitsuena, baina aurten, egoera dela medio, ezingo dute txosna jarri eta eskainitako zerbitzu asko eta asko bertan behera geratu dira.
Hala ere, "sareetan lan dexente" egin eta egiten jarraitzen dute elkarteko kideek, aldi baterako erregulazioa ere iritsi zaien arren. Hori dela eta, diru bilketa kanpaina bat abiarazi dute asteazken honetan, Itsulapiko plataforman: ttps://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/euskararen-txanda-geu-lagu...
"Crowdfunding kanpaina bat abiatu dugu, edo euskaraz esanda, diru bilketa bat. Elkarteak behar duelako, Gasteizek behar duelako. Gasteiz euskararen alaitasunez bete nahi dugulako, jaietan dugun alaitasun hori guztia kutsakorra izatea nahi dugulako. Beraz, aurten jaietan gastatuko ez dituzun dirutxo horietako batzuk bideratzea eskatu nahi dizugu", azaldu dute.
GEU elkartea 1992an sortu zen eta urteak darama Gasteizko gizartea euskalduntzen. Etapa ezberdinak pasa ondorne, egun elkarte egonkortua da, proiektu ezberdinak abiarazten dituena: Gasteizko Mintzalaguna, Gasteizko Euskaraldia, Euskalaka udalekuak, Hezitzaileentzat formakuntza saioak, Igandeak Jai eta familia irteerak. Elkartearen finantziazioa, erakunde, bazkideen kuota eta eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinetatik dator, Gasteizko jaietan aurten jarriko ez den txosnarekin batera.