Geuretik Sortuak kultur bekaren hirugarren edizioan izena emateko epea astelehenean bukatuko da

Iazko edizioan bekatutako 'Eukalyptus' antzezlana
UDALBILTZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 22 noviembre 2024 11:10

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Udalbiltzak hirugarren urtez abian jarri duen Geuretik Sortuak kultur bekan sortzaileek izena emateko epea datorren astelehenean amaituko da, azaroaren 25ean. Deialdia, oinarriak eta izen-emate prozedura Udalbiltzako webguneko 'Geuretik Sortuak' eta 'Gardentasuna' ataletan daude ikusgai.

Udalbiltzako iturriek jakinarazi dutenez, deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentuak honako helbide hauetara bidali ahal izango dira: posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora (Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa); telematikoki Udalbiltzaren webgunearen bidez, 'Geuretik Sortuak' eta 'Gardentasuna' ataletan, formularioaren bidez (https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/geuretik-sortuak...)

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa, Euskal Herriaren kontakizuna "geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko", eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere.

Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, zabalkundea ere bermatzen du kultur bekak, euskal zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren edizioak 2025. eta 2026. urteak hartuko ditu.

Orain arteko bi edizioek "arrakasta handia" izan dute: 26 sortzaile hautatu ziren lehen aldian, eta 22 bigarrenean. Bakoitzak Euskal Herriko txoko batean egin zuen sorkuntza egonaldia, eta "lan ederrak" irten ziren bertatik.

Horrela, antzerkigintzan, 'Sexberdinak' (Tanttaka), 'Eresia' (Oier Zuñiga), 'Bidaide' (Metrokoadroka), 'Trapu zikinak' (Lore More) eta 'Harri minak' (Bonbon Beltz) antzezlanak atera ziren lehenengo edizioan, eta 'Eukalyptus' (Jon Ander Urresti), 'Olagarrua' (Antzerki aroak eta Ttipia) eta 'Eraitsi S.L.' (Goitibera) bigarrenean; literaturan, 'Hamazazpigarrenean aidanez' eta 'Hamarreko bitxia' bildumak atera dira, zinemagintzan 'Bost teilatu' eta 'Lau elementuak' film laburren bildumak, eta komikigintzan 'Hona bostekoa!' bilduma.

BERRIKUNTZAK

Bigarren edizioan komikigintza gehitu zitzaien aurreko hiru diziplinei, berrikuntza gisa, eta aurtengoan lau alor horiei eutsiko die proiektuak: komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza. Halere, izango dira zenbait berrikuntza, bereziki antzerkigintzan.

Horrela, aurreko edizioan, hautatuetako antzezlan bat kale antzerkia izango zela erabaki zen. Aurten hala izaten jarraituko du, baina beste zehaztapen bat ere izango da: gutxienez, antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko da. Hasiberritzat hartuko da aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia.

Hainbat eragilerekin hitz egin ostean hartutako erabakia izan da, antzerkigile hasiberrientzako plazak falta baitira, eta Geuretik Sortuak beka "oso tranpolin ona" izan liteke Euskal Herriko plazetara salto egiteko.

Udalbiltzaren arabera, aukera polita bada ere, erronka handia ere bada antzezlan bat sortu eta bira oso bat antolatzea, eta lan horretarako, bidelagun profesional bat izango dute hautatutako pertsona edo konpainia hasiberriek. Gainera, antzerkigile profesionalentzako beka handiagoa izango da. Gainerako alorretan, aldaketa txikiren bat izango den arren, oinarriak antzekoak izango dira.

Udalbiltzaren helburua euskal sortzaileei beka duin bat ematea denez gero, hirugarren edizioa baliatuko du sortzaileen beharrei "ahalik eta era duinenean erantzuteko", beka Euskal Herri mailan kokatzeko eta euskal kulturari merezi duen lekua emateko.

Era berean, irudi berria ere du proiektuak: Udalbiltzak logoa berritu zuen pasa den urtarrileko batzar orokorraren ondotik, presentzia komunikatiboa indartu eta gaur egungo beharretara egokitzeko asmoz, eta horren eskutik dator Geuretik Sortuak proiektuaren logo eta iruditeria berria ere.

Contenido patrocinado