Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da, Eskoriatzan

2019Ko Gipuzkoa Bertsotan-Eko Mutrikuko Saioa.
XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 8 abril 2024 12:21

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da, Eskoriatzan, eta 20 saio jokatuko dira ekainaren 2ra bitarte, bi itzulitan. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute. Saio guztietarako sarrerak salgai jarri dira bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutnez, aurtengo edizioak berezitasun ugari dakartza. Batetik, iraupenari dagokionez, hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, 20 saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik: lehen itzulian 12 saio izango dira, ostegun eta ostiraletan, eta bigarrenean zortzi, larunbat eta igandeetan.

Egitura ez da berritasun bakarra, txapelketaren forma bera ere aldatu baita. Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, talde antolatzailearen baitan. https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/gipuzkoabertsotan/inf... estekan daude saio bakoitzean egin beharreko ariketak.

Bestalde, Bertsozale Elkartetik nabarmendu dutenez, txapelketako sailkapen fasea gauzatu dadin ezinbestekoa da lehengaia egotea, hau da, bertsolariak, antolatzaileak, gai jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak. Bada, bertsolaritzaren ekosistema horretan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diete bertso eskolei, "jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle".

Horregatik, aurtengo irudia eta mezua ere ildo horretatik diseinatu dituzte. Unai Gaztelumendik egin du aurtengo irudia, eta bertso eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. "Zuri-beltzeko argazkitik gaur egungo bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso eskolak, eta horixe irudikatu nahi du Gaztelumendiren irudiak", adierazi dute.

Horri lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso eskolek. Keinu hori aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso eskolak erdigunean jartzen eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu.

Contenido patrocinado