DONOSTIA 18 Jun. (EUROPA PRESS) -
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak eta Azti zentro teknologikoak 'Nik Hondartzak' gailu mugikorretarako aplikazioa garatu dute. Lurraldeko hondartzen okupazio maila ezagutzeko aukera emango du une oro, eta datorren astetik egongo da martxan. Aplikazioak 98.872,70 euroko kostua izan du.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko diputatuak eta Adolfo Uriarte Aztiko Balore zuzendari eta ozeanografoak aurkeztu dute 'Nik Hondartzak' aplikazioa.
Gipuzkoako hondartzen okupazioa kontrolatzeko baliabide teknologikoaren helburua da bateragarri egitea haien erabilera eta covid-19aren aurkako prebentzio neurriak. "Hondartzak arduraz erabiltzeko eta gozamena eta osasunaren babesa bateragarri egiteko baliabide guztiak herritarren eta udalen eskura jartzeko konpromisoa dugu", esan du Asesnsiok.
Horrela, semaforoen bidez, hondartzetako okupazio mailaren berri emango du aplikazioak. 15 minutuan behin eguneratuko da, hondartza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate atalaseen arabera egoeraren berri emanez.
Edukiera zehazteko, gomendatutako distantzia soziala eta hondartza bakoitzaren azalera hartu dira kontuan, eta erabiltzaile guztiek doan kontsultatu ahal izango dute hondartzen okupazio maila bertara joan aurretik.
Gainera, aplikazioak alerta sistema bat du udaletako arduradunentzat, eta aurrez jakinaraziko die ur emaria, marea igoera eta erabilera baldintzen aldaketa.