Gloria Totoricagüena Egurrola diasporako ikerlariak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 2025eko Manuel Lekuona saria

Gloria Totoricagüena saritua (ezkerrean) eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
EUSKO IKASKUNTZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 24 octubre 2025 12:08

BILBO 24 (EUROPA PRESS)

Gloria Totoricagüena Egurrola (Boise, Idaho, AEB, 1961) euskal diasporako ikertzaile eta euskal errealitatearen mundu mailako zabalkundearen sustatzaileak eskuratu du Eusko Ikaskuntzaren 2025eko Manuel Lekuona saria.

Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez, 1983an sortu zuen Manuel Lekuona saria, euskal kulturaren alde lan nabarmena egin duten pertsonei aitortza egiteko.

1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren Gernikatik AEBetara joandako familia baten alaba, Totoricagüena Egurrolak Zientzia Politikoak ikasi zituen Boiseko Unibertsitatean, eta Hezkuntzako masterra ere egin zuen han, Montevideoko Unibertsitatean Latinoamerikako Politikaren arloan lortutako beste master bati gehituz.

2000. urtean doktoretza eskuratu zuen London School of Economics and Political Science ikastegian, Amerikako, Europako eta Ozeaniako sei herrialdetako euskal diasporen identitatearen mantentzeaz egindako ikerketa konparatibo baten bidez.

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketak Zentroko zuzendaria izan zen, eta eskolak eta hitzaldiak eman zituen bertan, baita Stanford eta Boiseko unibertsitateetan ere.

Manuel Lekuona sariaren epaimahaiak nabarmendu duenez, Totoricagüena Egurrola "aitzindaria izan da euskal diasporaren ikerketaren alor anitzetan", hala nola kulturalean, diplomatikoan, komertzialean, historikoan, politikoan eta instituzionalean, eta bere lana "funtsezkoa izan da gure kultura nazioarte mailan ezagutzeko eta, ondorioz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko".

Nazioarteko bere ikerketetan, Australian, Argentinan, Belgikan, Brasilen, Txilen, Filipinetan, Irlandan, Perun, Erresuma Batuan eta Uruguain ez ezik, Euskal Herrian bertan ere historia, soziologia, antropologia eta politikari buruzko ahozko eta dokumentuzko informazioen "emari paregabea" bildu du, eta ahalegin horren emaitza da "euskal diasporari buruzko datu base zientifikorik osatuena, kalitatezko eta kantitatezko ikuspegitik".

Bere argitalpenek, erakusketek eta kultur edo enpresa proiektuek "euskal komunitate globalaren aniztasuna eta kohesioa agerian utzi dituzte", eta, aldi berean, "herrialde desberdinetako migratzaileen identitateak errespetatzearen eta ulertzearen balio unibertsala" nabarmentzen dute. Gainera, giza garapenarekin eta bakearen kultura bezalako balioekin duen lotura nabarmena da.

Gloria Totoricagüena Egurrolak bibliografia zabala idatzi du, eta euskal eta estatubatuar gaiei buruzko bere argitalpenek 800 orrialde inguru dituzte. Gainera, AEBetan bizi diren pertsona, familia eta komunitateen bizitzei eta bizipenei buruzko ehunka argazki bildu ditu.

Totoricagüenaren ibilbide oparoak Euskal Herriaren eta AEBetako erakunde eta enpresen arteko zubi-lana ere aitortzen du; horren adibide da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari zenean 'Pentsamendua. Basque Global Initiatives' izeneko Think Tank-a diseinatu eta zuzendu zuela.

Gaur egun Boise eta Bilbo artean bizi da, eta bi kontsultore enpresen buru da: bata ikerketa kultural eta sozial anitzetan espezializatua, eta bestea, Euskal Herriaren eta munduaren arteko harreman kultural, komertzial eta diplomatikoetan.

EUSKAL KOMUNIATATE GLOBALA

Euskal Komunitate Globalaren iritzia 2014tik jasotzen da boto irekien bidez Manuel Lekuona saria erabakitzeko prozesuan, eta emaitza hori epaimahai instituzional batek berresten du.

Hain zuzen, 2025eko edizioan, Barandiaran Fundazioak, Euskal Kultur Erakundeak, Eresbilek, Etxepare Euskal Institutuak, Euskarabideak, Euskalerriko Adiskideen Elkarteak, UN Etxeak eta Eusko Ikaskuntzak berak osatu dute epaimahaia. Ohikoa denez, Eusko Ikaskuntzak ordezkaritza lurralde guztietara zabaltzea bermatu du, hala botoen deialdian nola epaimahaiaren osaketan.

Manuel Lekuona saria irudikatzen duen Remigio Mendibururen brontzezko eskultura ekitaldi publiko batean emango zaio Gloria Totoricagüena Egurrolari, seguru asko 2026ko udaberrian.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado