DONOSTIA 25 (EUROPA PRESS)
Pausokak EiTBrako ekoitzitako 'Go!azen' telesail musikalak jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurtengo Abadia Saria, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeagatik ikus-entzunezkoen bitartez, "modu erakargarri, natural eta iraunkorrean".
Telesailak 12 denboraldi arrakastatsu daramatza antenan, haur, gazte eta, oro har, familia asko eta askorentzat "erreferentziazko programa" bilakatuz eta "belaunaldi ezberdinak elkartzeko gaitasuna" erakutsiz. Horrela, saritua izendatzeko garaian, Gipuzkoako Aldundiak balioa eman nahi izan dio euskal hizkuntzarekiko eta kulturarekiko, nahiz balio hezitzaileekiko "atxikimenduan eta transmisioan" egindako ekarpen "nabarmena".
Hala jakinarazi du ostiral honetan Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Donostiako Zinemaldian telesailak 13. edizioa aurkeztuko duen egunean. "Euskara aisialdiarekin, musikarekin eta harreman pertsonalekin lotuz, 'Go!azen'-ek hizkuntzaren erabilera, prestigioa eta harekiko atxikimendua zabaldu du gazteen artean", nabarmendu du.
Bere hitzetan, "ekoizle, sortzaile eta protagonistek euskaraz sortutako kalitatezko entretenimendu eskaintza ondu dute urte hauetan guztietan, Euskal Herri osoko haur eta gaztetxoentzako erreferente bihurtuz".
Erabilera eta kultur erreferente berrien sorrera bultzatzetik harago, diputatu nagusiak goraipatu du 'Go!azen' telesailak asmatu duela euskal kulturaren sustapenean eta balio hezitzaileen bultzadan eragiten, gazteen "errealitatera" egokituz.
"Aurreiritzien aurkako mezua, adiskidetasuna, errespetua, berdintasuna, inklusioa eta elkarlana bezalako balioak sustatzen ditu, gizarte ikuspegitik berebiziko garrantzia duten gaiak adin tarte horretara hurbilduz. Gainera, euskal kulturaren presentzia indartu du, dantzaren eta kantuaren bitartez, modu kreatiboan euskal musikaren abesti zaharrak eta berriak publiko gaztearengana hurbilduz", esan du.
EUSKARAZKO FIKZIOA
Azkenik, ikus-entzunezkoek eta musika ikuskizunek hizkuntzaren biziberritzean hartu duten garrantziari eta gaurkotasunari erreparatuz, telesailak euskarazko fikzioaren garapenari egindako ekarpena nabarmendu du Mendozak, urte hauetan guztietan aktore, gidoilari, musikari, artista eta teknikari askori "aukera" eskaini baitie haien ibilbide profesionalean aurrera egiteko, hainbat euskarri eta formatutan arrakasta izan duen produktua sortuz.
Gogoratu duenez, 'Go!azen' "ez da telesail hutsa", musika proiektu "garrantzitsua" ere bada, besteak beste. "Kantuek, kontzertuek eta zuzeneko ikuskizunek milaka gazte elkartzen dituzte", txalotu du.
'Go!azen' telesalak Basakabi udalekuan gertatzen diren abenturak kontatzen ditu. Bertara joaten diren gaztetxoek euren artean, zein irakasle eta zuzendaritzako kideekin dituzten harremanetan oinarritzen dira bertako istorioak. Ikus-entzunezko egitasmoaren abiapuntua izen bereko filma izan zen, 2008an zinema aretoetan estreinatu zutena. Ondoren etorri zen ETB1en 'Go!azen 2.0' telesaila eta, ordutik, dagoeneko 12 denboraldi izan ditu. Udazken honetan emitituko da 13.a.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Abadia Sariaren 26. edizioa izango da aurtengoa. Epe horretan euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako hainbat pertsona edo elkarteren jarduna jende aurrean aitortu izan du Abadia Sariak. Azken edizioetan, besteak beste, Garabide Elkarteak (2022), Ruper Ordorikak (2024) eta Gure Zirkuak (2025) jaso dute.