BILBO 27 Abr. (EUROPA PRESS) -
Gure Zirkuak Maule-Lextarren ekingo dio bere seigarren birari ostiralean, apirilaren 28an. Sekula baino "ibiltariagoa" izango da euskal zirku ibiltariaren bira berria, "ipar-hego eta luze-zabal" zeharkatu nahi baitu Euskal Herria 2023an.
Zirkuko arduradunek jakitera eman dutenez, Zuberoko egonaldia amaituta, Gipuzkoan sartuko da taldea eta Andoainen eta Lazkaon egingo du maiatza, ekainean Bizkaira iritsi aurretik.
Gainera, aurtengo ibilbidean ere Gure Zirkuak ez dio uko egingo sekula iritsi gabeko eskualdeetara iristeko helburuari, eta, hala, besteak beste, Bilbo Ezkerraldera eta Nafarroan Tafallaldera egin asmo du bisita euskal taldeak.
Horrela, Maule-Lextarren asteburua egingo du Gure Zirkuak: ostiralean 19:00etan, larunbatean 16:00etan eta 18:30etan eta igandean 11:00etan. Ondoren, Andoainera joango da taldea, emanaldiak eskaintzeko maiatzaren 5ean (19:00), 6an (16:30 eta 19:00), 7an (12:00 eta 18:00), 12an (19:00) eta 13an (16:30 eta 19:00).
Andoainen bukatuta, Gure Zirkuak Lazkaon egingo du geraldia, maiatzaren 19an (19:00), 20an (16:30 eta 19:00), 21ean (18:00), 26an (19:00), 27an (16:30 eta 19:00) eta 28an (18:00) eta ekainaren 2an (19:00) eta 3an (16:30 eta 19:00) emanaldiak eskaintzeko. Sarrerak www.gurezirkuak.eus webgunean eskura daitezke.