Gutxieneko soldata propioaren aldeko martxoaren 17ko greba orokorra erregistratu du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek lanbide arteko gutxieneko soldata propio baten aldeko martxoaren 17rako greba orokorraren deialdia erregistratu dute
LAB SINDIKATUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 19 enero 2026 12:18

BILBO 19 (EUROPA PRESS)

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek lanbide arteko gutxieneko soldata propio baten aldeko martxoaren 17rako greba orokorraren deialdia erregistratu dute ofizialki astelehen honetan Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. 'Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko' lelopean, deialdiaren helburua da "lan baldintzen okertzearen eta bizi kostuaren etengabeko igoeraren aurrean erantzun kolektiboa ematea".

Erregistroa egiteraoan, sindikatuotako ordezkariek salatu dute azken urteotan soldatek ez dutela bizi kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek "nabarmen kaskartu" dituela langileen bizi baldintzak.

Testuinguru horretan, "gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa" dela azpimarratu dute, eta horregatik aldarrikatu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa, "hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua".

Gehiengo sindikalaren arabera, proposamen horrek zuzenean hobetuko luke 167.000 langileren egoera Hego Euskal Herrian. "Eta lanbide arteko gutxieneko soldata altuago batek negoziazio kolektiboa baldintzatuko du soldata igoera handiagoak adostu daitezen", gaineratu dute.

Era berean, sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko soldataren inguruko erabakiak "Euskal Herritik urrun" hartzen direla gaur egun, "langileen eguneroko beharretatik eta gure herriaren ezaugarrietatik aldenduta". Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena hemen izatea "funtsezkoa" dela defendatu dute, "lan harremanetan burujabetzaren bidean urratsak emateko helburuz".

Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, sindikatuek bi bide landu dituztela gogorarazi dute: batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio mahaia irekitzeko saiakera eginez, eta, bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 138.495 sinadura jaso, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko. "Bi bideak blokeatu dituzte patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren alderdi politikoek", salatu dute.

Era berean, sindikatuen iritziz, "hirugarren bide bat" ireki beharra dago, eta "ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera EAEn zein Nafarroan estatus juridiko politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea".

Horren aurrean, sindikatuek ziurtatu dute patronalak eta Nafarroako zein EAEko gobernuek "erantzukizun zuzena" dutela egungo egoeran. "Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere", nabarmendu dute.

Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea "borondate politiko kontua" dela azpimarratu dute sindikatuek, eta martxoaren 17ko greba orokorraren bidez "soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa" exijituko dituzte, azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela salatuz.

LAN HARREMANAK ETA HERRITARRAK

Orobat, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek adierazi dute grebak mahai gainean jarriko duela "lan harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena hemen izateko beharra", eta herritarren parte hartze demokratikoaren alde jotzen duela, "pentsiodunen herri ekimen legegilearekin batera hilabete gutxi batzuetan ia 300.000 pertsonen nahiari muzin egin eta eztabaida irekitzeari uko egin dieten alderdi politikoen autoritarismoa salatzeko".

"Greba orokorra tresna kolektibo eta legitimoa da patronala eta instituzioak interpelatzeko, eta langile guztiei dei egiten diegu mobilizazioarekin bat egitera", esan dute.

Sindikatuek grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute datozen asteetan, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta bilkuren bidez.

Contador

Contenido patrocinado