Gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadurak sarean biltzen hasi dira ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru

Gutxieneko soldata propioaren alde sinatzen
LAB
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 3 julio 2025 13:57

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek gutxieneko soldata propio baten aldeko dinamika jarri dute martxan, eta sinadurak sarean biltzeko aukera gaitu dute https://lanbideartekosoldata.eus/eu/ webgunean.

Sindikatuok jakinarazi dutenez, gutxieneko soldata propioaren aldeko ekimenak bi norabide nagusi ditu: batetik, eskumen propioen esparruaren baitan, lanbidearteko akordio baten bidez gutxieneko soldata propioa adostea; bestetik, eskumen berriak eskuratzea, Langileen Estatutuaren aldaketaren bitartez.

"Lehen bidea, ordea, patronalak oztopatu du oraingoz. EAEko Confebask patronalak eta Nafarroako CEN patronalak, biek ala biek, ezezko borobila eman diote lanbidearteko akordioaren aukerari", salatu dute.

Bigarren bidea garatzeko herri ekimen legegilea abiatua dute sindikatuek, eta milaka langileren babesa jaso dute dagoeneko. "Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatu nahi genuela esan genuen, eta hamarnaka mila sinadura bildu ditugu; langileriaren erantzuna sendoa eta baikorra ari da izaten", nabarmendu dute.

Sinadura horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legebiltzarrei aurkeztuko dizkiete, "lege aldaketa posible egiteko lehen urrats gisa", eta patronalei ere aurkeztuko dizkiete, "euren erabakia mugiarazteko helburuz".

Orain, dinamika indartzeko urrats berria egin dute sindikatuek, eta behar zuten Jaurlaritzaren baimena eta atzerapena gaindituta, sinadurak sarean biltzeko aukera gaitu dute https://lanbideartekosoldata.eus/eu/ webgunean.

Sinatzeko aukera erraztea eta zabaltzea izan dute helburu web orria prestatuta, eta, Horregatik, dei egin diote jendarteari, "oraindik eskuz sinatu ez badu, modu erraz eta azkarrean online sinadura eman dezan".

"Ziur gaude gutxieneko soldata propioa ezartzea lortuko dugula, bide batetik edo bestetik, ezinbesteko tresna baita soldata arrakalei aurre egiteko, aberastasuna modu egokiagoan banatzeko eta prekaritateari eta pobreziari muga jartzeko", esan dute.

Contenido patrocinado