Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreak bere "estrategikotasuna" azpimarratu eta euskara eskuratzeko deia egin du

Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaritza zabal bat bildu da astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 8 septiembre 2026 13:16

BILBO 8 (EUROPA PRESS)

Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaritza zabal bat bildu da astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian, ikasturte berriko matrikulazio kanpainaren atarian, sektorearen "estrategikotasuna" azpimarratzeko hurrengo hamar urteetan 300.000 euskaldun gehiago lortzeko sektoreak duen erronkaren baitan eta herritarrei euskara eskuratzera deitzeko.

Agerraldian hitz egin dute Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak eta Laida Begiristain Maizpideko kideak, eta sektoreko elkarteetako ordezkariak ere izan dira bertan: Aiora Erauskin eta Jasone Basurto (Maizpide), Mikel Barrios (Leizaur), Isa Isazelaia (Elkarlan), Patxi Martin (Euskalgintzaren Kontseilua) eta Ana Garmendia (Batuz elkartea).

Gogorarazi dutenez, helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreak eta Euskalgintzaren Kontseiluak euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko eta Euskal Herri osorako agentzia bakar bat sortzeko proposamena defendatu dute 2022az geroztik erakunde eta alderdi politikoen aurrean -'Euskara Ezagutzeko Beharra Helduengan Sustatzeko Proposamena'-.

2024an, gainera, Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi egoeran zeudela adierazi zuen, eta, aurten, maiatzean, erronka zehatz bat jarri zuen mahai gainean: hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzea. Bada, agerraldian naabarmendu dutenez, erronka hori lortzeko "funtsezkoa" da helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea.

Gainera, euskararen normalizazio prozesuak erronka berriei aurre egin behar die, milaka euskal herritar berri baitaude gurean, eta, hortaz, haiei euskara eskaintzeko, "ezinbestekoa da sektorearen estrategikotasuna aitortzea eta euskara eskuratzeko aukerak eta baliabideak bermatzea".

Horrela, iraileko matrikulazio kanpainaren atarian, herritar guztiei euskara ikasteko deia egin diete, eta matrikulazio kanpaina zabaltzen laguntzeko eskatu diete gizarte eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei eta erakunde publikoei.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado