Herritarrek partaidetza aurrekontuen ekimenak bozkatzeko epea ireki du Bilboko Udalak urriaren 2ra arte

Archivo - Bilboko udaletxea
BILBOKO UDALA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 21 septiembre 2026 13:15

BILBO 21 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak hiria eta auzoak hobetzeko herritarren 614 proposamen jaso ditu parte hartze bidezko aurrekontuen programaren hamaikagarren edizioan, eta orain aukeratzeko garaia iritsi da, ekimenok bozkatzeko epea zabalik baitago astelehen honetatik urriaren 2ra arte.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, proposamenak aztertu ondoren, udal sailek 56 hautatu dituzte bozkatzeko, eta horien artean Haur eta Nerabeen Kontseiluak sustatutako bi sartu dira. Hautaketa egiteko, interes orokorra, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, udal estrategia eta egokitasun arrazoiak hartu dira kontuan. Gainera, antzeko proposamenak edo proposamen osagarriak proiektu berean bildu dira, eta, beraz, bozkatuko diren 56 proiektuek herritarren 93 proposamen jasotzen dituzte.

Aukeratutako 56 proiektuetatik 19 (%33,9) hiri izaerakoak dira edo barruti bati baino gehiagori lotuta daude, eta horrela, hirutik batek Bilbo osoari eragiten dioten jarduerak planteatzen ditu.

Barrutien arabera, Ibaiondok du proiektu kopururik handiena (zortzi), guztizkoaren %14,3; ondoren datoz Begoña, zazpi proiekturekin (%12,5), eta Basurtu-Zorrotza, seirekin (%10,7). Deustuk eta Uribarrik, berriz, bosna proiektu dituzte, hau da, bakoitzak proiektu guztien %8,9; Errekaldek hiru jarduketa ditu (%5,4), Abandok bi (%3,6), eta Otxarkoaga-Txurdinagak bat (%1,8).

Udal eremuen araberako banaketari dagokionez, Obra Publikoen arlokoak dira jarduketa gehienak: 14 proiektu, guztizkoaren %25. Ondoren datoz Zerbitzuak (13 proiektu eta %23,2), eta Mugikortasuna (10 eta %17,9). Oro har, hiru eremu horietakoak dira 56 proiektuetatik 37, hau da, guztizkoaren %66,1, eta "horrek agerian uzten du espazio publikoak, udal zerbitzuak eta hiri mugikortasuna hobetzera bideratutako esku hartzeek duten garrantzia".

Kulturaren arloak bost proiektu ditu (%8,9), eta Osasun eta Kontsumoarenak lau (%7,1). Bestalde, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren eremuak hiru proiektu ditu, hau da, %5,4. Era berean, Gazteria eta Kirolak eta Gizarte Ekintzak bina proiektu dituzte, hau da, %3,6 eremu bakoitzeko, eta Jasangarritasuna, Hezkuntza eta Etxebizitzak proiektu bana (%1,8na).

Hiri osorako irismena duten jarduketekin batera, proiektuek aukera ematen dute barrutietako behar espezifikoei erantzuteko, eta 11 udal eremu hartzen dituzte, garrantzi berezia emanez obra publikoekin, zerbitzuekin eta mugikortasunarekin lotutako politikei.

Aurkeztutako proposamenen zerrenda osoa astelehen honetan argitaratuko da, eta, kasu bakoitzean, bozketa fasean sartzen diren adieraziko da eta lotutako bozketa proiektua zehaztuko da, edo, bestela, bozketaren azken fasera zergatik ez den igaro adieraziko da.

BOZKETA

Bilbon erroldatutako 16 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute bozketan, eta prozesua udal webgunearen bidez egingoa, formulario erraz baten bidez. Parte hartze egokia bermatzeko, sistemak automatikoki egiaztatuko ditu identifikazio agiria eta jaioteguna udal erroldan; behin sarbidea baliozkotuta, pertsona bakoitzak proiektuak aukeratu ahal izango ditu, prozesuan aurreikusitako gehieneko zenbatekora iritsi arte (bi milioi euro).

Inprimakia udal zentroetako BilbaoClick bulego elektronikoetan ere egongo da eskuragarri, eta, behar izanez gero, udal langileek laguntza emango dizute.

Bilboko parte hartze bidezko aurrekontua prozesu irekia da, bilbotarrei aukera ematen diena Udalaren urteko aurrekontuaren zati bat erabiltzeko ideiak emateko eta proposamenak egiteko. Bilbon erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoez gain, Udaleko Herritarren Partaidetzako Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden erakundeek, legez eratuta dauden erakundek (elkarteak, fundazioak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta zuzenbide publikoko korporazioak) eta Bilboko ikastetxeek bozka ditzakete proiektuak.

Contador

Contenido patrocinado