BILBO 2 Oct. (EUROPA PRESS) -
Guggenheim Bilbao Museoak hezkuntza-jarduera berriak hasiko ditu udazken honetan. Hiru hilabete eta hamar urte bitarteko haurrentzat prestatu dira, haurren sormena sustatzeko eta txikiek ere arte moderno eta garaikideaz goza dezaten, jolasen eta tailer dibertigarrien bidez. Hartara, haurrentzako jardueren egitaraua zabaldu da.
Horrela, museoak jakinarazi duenez, "Baby Art" 3 eta 12 hilabeteko haurrentzako ekimena da. Jarduera hauen bidez haurtxoek koloreen zaporea, materialen soinua eta espazioaren testura ezagutuko dute. Gurasoek lagunduta, soinuaz, argiaz, koloreaz eta eskulanez esperimentatuko dute. Jolasaren bidez zentzumenak eta artearekiko interesa pizteko modu bat da; era berean, beste haur batzuekin harremanetan jartzeko ere. "Baby Art" igandeetan izango da, urrian, azaroan eta abenduan; hil bakoitzean kolore bat izango du gai.
"Artearen izkina Atrioan" 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzat bereziki sortutako txokoa da. Bertan, haurrek sormenezko jarduerak egin ditzakete, artearekin esperimentatu, eta helduek, bitartean, erakusketak ikusi. Udan jarri zen abian "Artearen izkina", eta arrakasta handia izan zuen; hori dela eta, udazkeneko asteburu guztietan ikusgai dauden erakusketekin lotutako jarduerak izango dira, "Experiment-ART" izenburupean.
Txikienek, esaterako, arbela garden bat erabili ahalko dute Egon Schieleren artean inspiratutako erretratuak sortzeko edota eskultura "bigunak" egin ahalko dituzte, hainbat material baliatuz, Claes Oldenburgen 1960ko hamarkadako lana eredutzat hartuta.
Bestalde, "Zure logelatik zure hirira" arkitekturako hastapen ikastaroa da. Maushaus ikastaro bat da, artea eta jakintza teknikoak uztartzen dituen proiektua, bost eta hamar urte bitarteko haurrentzat taxutua. Ekimen honen bidez museoak arkitekturarekiko zaletasuna bultzatu eta espazioarekiko jakin-mina piztu, eta hiriko lengoaia hurreratu nahi die haurrei.
Ikastaroak 11 saioizango ditu, eta urritik abendura, hiru hilabetez, parte-hartzaileek apurka-apurka ikasiko dute arkitektura abentura pizgarria izan daitekeela: arkitektura zer den, animaliak eta pertsonak non bizi diren, espazioek zer sentipen sorrarazten dieten eta beste hainbat galdera erantzuten saiatuko dira. Horretarako marrazkiak, maketak, proiekzioak, jolasak eta txangoak erabiliko dituzte; izan ere, hainbat eraikinetara eta hiriko gunetara bisitaldiak egingo dituzte eta euren iritziak partekatuko dituzte. Donostiako Rulot estudioak emango du ikastaroa.