BILBO 27 (EUROPA PRESS)
Taupa euskaltzaleen mugimenduak Biharko Taupada jardunaldia antolatu du ekainaren 4rako Getxon (Bizkaia), eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak jarriko ditu erdigunean, 'Ertzak hurbilduz, hizkuntzen inguruko kontakizunak josten' izenburupean.
Taupak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, urtero antolatzen duen jardunaldia da Taupada, eta biziberritzen ari diren Hegoalde globaleko hizkuntza komunitate gutxituen Bihar nazioarteko biltzarraren baitan kokatu du aurtengoa.
Garabide, Plazara eta Soziolingustika Klusterrarekin elkarlanean antolatzen ari den topaketa da Bigar, 'Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua' leloa du, eta munduko hizkuntza komunitate ezberdinak biltzea, biziberritze diskurtsoen inguruan gogoeta egin eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak mundu mailan eta modu eraldatzailean kokatzeko helburua du.
Bada, hortik jaio da ekainaren 4an Getxoko Romo kultur etxean egingo den Biharko Taupada jardunaldia, biltzarraren bigarren faseari itxiera emango dion mintegia, eta zabalik dago jada izen-ematea https://taupamugimendua.eus/taupada/ web orrian.
Goiz beteko egitarauan, antolakuntzak bi ekarpen jaso nahi dituu, batez ere. Batetik, jaso nahi dute zein kontakizun berritzaile edo interesgarri egiten ari diren Hego globaleko hizkuntza gutxituak. Horrela, Bihar biltzarraren baitan egin den ikerketa ekarriko dute, zeinetan 70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak aztertu diren ikuspuntu intersekzional batetik.
Ikerketa hori Euskal Herriko mugimendu eta eragile ezberdinekin partekatzen dabiltza azken asteetan, eta gogoeta saio horietan jasotako lehenengo emaitzak ere ekarriko dituzte, Taupako Julene Samuel eta Manuel Morenoren eskutik.
Bestetik, ikuspegi intersekzionala aintzat hartuz, antolatzaileek entzun nahi dute nola josi daitezkeen hizkuntzaren inguruko kontakizunak antiarrazismo, feminismo eta ekologismotik datozenekin. "Zer ikas dezakegu mugimendu ezberdinetatik? Nondik elikatzen ditugu diskurtso horiek? Zerk balio dezake euskararen biziberritzerako?", azaldu dute.
Horretarako, hiru hitzaldi izango dira jardunaldian, Leo Bueriberi, Aritz Landeta eta Miren Artetxeren eskutik. Onintza Olaizolak gidatuta, hiru hizlarien solasaldia egingo dute ondoren.