BILBO 5 (EUROPA PRESS)
Bizkaiko hareatzetan 1.081.155 pertsona izan dira hondartza denboraldia hasi zenetik, iazko aldi berean baino %1,42 gehiago. Sorospen zerbitzuak 1.500 esku hartze baino gehiago egin ditu, eta bainu lagunduan 2.600 zerbitzu baino gehiago egin dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, "eguzki egun kopuru antzekoa izan da, eta uraren batez besteko tenperatura altuxeagoa, eta baldintza meteorologikoak egonkorrak izan direnez, jendetza ibili da hondartzetan". 21 eguzki egun izan dira, 23 egunetan eguraldi aldakorra izan da eta egun bakar batean egin du euria. Uraren batez besteko tenperatura 21,8 gradukoa izan da ekainetik uztailera bitartean.
Bandera berdea da gehien jarri dena Bizkaiko hondartzetan, 561 alditan; 292tan horia eta 183tan gorria. Horrek esan nahi du udaren lehen erdian bainurako baldintzak onak izan direla oro har.
Jende gehiena hondartza hauetan ibili da: Ereagan 175.726 erabiltzaile izan dira; La Arenan, 160.268; Arriatera-Atxabiribilen, 130.901; Bakion, 76.663, eta Lagan, 72.549. Igoerarik handiena izan dutenak La Arena, San Antonio, Armintza, Ogella eta Laidako hondartzak izan dira; nabarmentzekoa da Laida, iaz aldi berean izan zuen erabiltzaile kopuruaren halako bi izan baititu.
Sorospen taldeak osasun arloko 1.536 esku hartze egin ditu; iazko aldi berean, berriz, 1.239. Gorabeherarik ohikoenak zauriak (629), salbiroi ziztadak (214) eta erorikoak (151) izan dira.
Denboraldiko lehen asteetan, karabela portugesaren 323 ziztada ere artatu dira. Horiez gain, zerbitzuak 55 erreskate egin ditu korronteak direla eta, eta 50 nekearen ondorioz.
Bainu lagunduaren zerbitzua funtsezko baliabidea da mugikortasun murriztua edo laguntza beharra duten pertsonek bainuaz segurtasunez goza dezaten.
Denboraldia hasi zenetik 2.606 zerbitzu egin dira: 1.698 erabiltzaile elkarte edo egoitzetakoak izan dira, eta 908 partikularrak. Zerbitzu horrek, beste behin ere, Ereaga eta La Arenako hondartzetan izan du eskaririk handiena.
GARBIKETA
Hareatzak garbitzeko zerbitzuak 159.745 kilo hondakin batu ditu denboraldia hasi zenetik. Haietatik 95.420 kilo itsasaldien eta korronteen eraginez ur ertzean pilatutako hondakinak izan dira; 45.580 kilo errefusaren zakarrontzietan bildu dira, eta 18.745 kilo ontzi arinen edukiontzietan.
Zerbitzu horrek itsasoak ekarritako hondakinak zein erabiltzaileek botatakoak batzen ditu eta, horri esker, hareatzak egunero baldintza ezin hobeetan izaten dira herritarrek goza ditzaten.