Ignacio Ellacuria Sariaren 2026ko deialdira hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute

Archivo - Ignacio Ellacuria Saria
GAIZKA UCEDA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 30 octubre 2026 14:00

BILBO 30 (EUROPA PRESS)

eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak argitaratu du Ignacio Ellacuria Sariaren 2026ko deialdia, eta garapenerako lankidetzako erakundeek azaroaren 13ra arte aurkez ditzakete hautagaitzak, eLankidetzak jakinarazi duenez.

Euskadiko garapenerako lankidetzaren erreferente nagusietako bat da Ignaciuo Ellacuria Saria, eta herrien arteko berdintasunaren, justiziaren eta pobrezia desagerraraztearen alde egindako lan nabarmena aitortzea du helburu. Gainera, nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko konpromiso eredugarriak ikusarazi nahi ditu, euskal gizartearen sentsibilizazioan laguntzeko.

Aurreko edizioetan bezala, Euskadin egoitza soziala edo ordezkaritza duten garapenerako lankidetzako erakundeek aurkez ditzakete hautagaitzak, eta saria esleitzeko proposamena GGKEen eta erakunde publikoen ordezkariek osatutako epaimahai batek egingo du.

Ignacio Ellacuria Saria El Salvadorren hil zuten jesuita, filosofo eta teologoaren omenez sortu zen. Ellacuriaren pentsamenduak eta jardunak gizarte justizia, giza eskubideen defentsa eta herri zapalduenekiko konpromisoa izan zituzten ardatz, eta balio horiek dira, hain zuzen ere, sariaren oinarrian daudenak.

Urtez urte, nazioarteko lankidetzaren, giza eskubideen defentsaren, bakearen eraikuntzaren, genero berdintasunaren edo pobrezia eta desberdintasunen aurkako borrokaren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta erakundeen lana aitortu du sariak. Aitorpenaren bidez, eLankidetzak ikusgarritasuna eman nahi die mundu bidezkoago eta berdinzaleago baten alde lanean ari direnei.

Azken urteetan, Ignacio Ellacuria Sariak nazioarteko elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren erreferente bihurtu diren pertsona eta erakundeak saritu ditu, besteak beste, UNRWA Palestinako errefuxiatuentzako NBEren agentzia (2024), Seynabou Male Cissé bakearen eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile senegaldarra (2023) eta Vandana Shiva ekofeminista eta ingurumenaren defendatzaile indiarra (2022).

Sariaren historian zehar, garapenerako lankidetzaren, genero berdintasunaren, bakearen eraikuntzaren eta giza eskubideen defentsaren aldeko ekarpen esanguratsuak aitortu dira, bai tokiko errealitateetan eragin zuzena izan dutenak, bai mundu mailako erronkei erantzuten lagundu dietenak.

2026ko deialdiarekin, gizarte bidezkoago, jasangarriago eta inklusiboago baten alde lan egiten duten pertsona eta erakundeen lana balioan jartzeko konpromisoa berresten du eLankidetzak. Hautagaitzak aurkezteko informazio guztia eta deialdiaren oinarriak eLankidetzaren webgunean daude eskuragarri.

Contador

Contenido patrocinado