Ingurumen kutsagarriek eragin negatiboak dituzte haurdunaldian umeen garapen neuropsikologikoan

Nerea Lertxundi Iribar doktorea
Foto: EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 24 julio 2012 15:49

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Nerea Lertxundi Iribar Psikologian doktoreak egindako tesi batek ingurumen kutsatzaileek haurdunaldian haurren garapen neuropsikologikoan dituzten eragin negatiboak egiaztatu ditu. Datuak haurdunaldian, umetxoaren jaiotzan eta jaio eta 14 hilabetera eskuratu dira.

   "Nire azterlanean, haurdunaldiaren lehenengo hiruhilekoko amaren odolean aztertutako zenbait konposatu organokloraturen (bifenilo polikloratuek -PCBak-, hain zuzen) mailek adingabeek 14 hilabeteko adina daukatenean haien garapen kognitiboan eta psikomotorrean duten eragin negatiboa aztertu dut", azaldu du Lertxundi doktoreak.

   PCBak konposatu organiko iraunkorrak dira; haien ezaugarri fisiko eta kimikoengatik neurri handian erabili dira, batez ere industria eremuan. "Gaur egun, konposatu horietako gehienen erabilera araututa, murriztuta edo debekatuta dago, zientifikoki agerian jarri baita toxikoak direla. Hala eta guztiz ere, haien ezaugarri lipofilikoak direla-eta, organismoan zein ingurumenean duten iraunkortasuna eta biometaketa-gaitasuna gizakiengan daude oraindik, nahiz eta mailak nabarmen murriztu diren", argitu du.

   Ingurumen kutsatzaile horiek haurdunaldian adingabeek 14 hilabeteko adina daukatenean haien garapen kognitiboan eta psikomotorrean duten balizko eragina aztertzeko, Lertxundi doktoreak Gipuzkoako Goierri, Urola Garaia eta Urola Erdia eskualdeetako amen eta haien haurren 638 diada izan ditu lagin moduan. Lagin horiek aztertutako eremuko ospitalean hartu ziren, hau da, Zumarragako Ospitalean. Datuak haurdunaldiko aldi ezberdinetan, umetxoaren jaiotzan eta jaio eta 14 hilabetera eskuratu dira.

   "Amen odoleko PCBen mailen aldean antzeman den errendimendu neuropsikologikoaren jaitsierak ez dauka ondorio klinikorik banaka, adingabe guztien errendimendu kognitiboa eta psikomotorra haien adin taldearen arabera espero daitekeenak zirelako. Hala eta guztiz ere, emaitza horiek ez dira baztertu behar populazio mailetan; izan ere, banaketa arrunta ezkerrerantz, beherago dauden balioetarantz, alegia, doala agertzen dute", adierazi du Lertxundik.

   Emaitza horiek Nerea Lertxundik orain dela gutxi defendatu duen doktoretza-tesitik ondorioztatu dira. Tesiaren izenburua "Jokabide, gizarte eta kultura, eta familia faktoreen, garapen neuropsikologikoaren eta konposatu organokloratuen eraginpeko mailen arteko elkarketa umetoki barneko garapenean eta bizitzaren lehenengo urtean" da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultateko Jesus Ibarluzea Maurolagoitia eta Eduardo Fano Ardanaz doktoreek zuzendu dute.

INMA PROIEKTUA

   Lana zazpi talderen (horien artean, Gipuzkoakoa dago) azterketa barne hartzen duen INMA Haurtzaroa eta Ingurumena proiektuaren (http://www.proyectoinma.org/) barnean dago.

   Zentro eta diziplina askotako azterlana da, eta Gipuzkoaren kasuan bakarrik gauzatu ahal izan da hainbat erakunde publikoren lankidetzari esker. Epidemiologia, neuropsikologia, psikobiologia, garapenaren psikologia eta ingurumen zientzietako adituen ahaleginak bilduz, azterlan horretan esku hartzen duten alderdi guztien baterako azterketa egin ahal izan da.

   Erakunde laguntzaile horiek EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saila, Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetza eta BioDonostia Osasun Ikerketako Institutua izan dira.

   Etorkizuneko ikuspuntuek honetan jarriko dute arreta: haurrek 14 hilabete daukatenean antzeman diren ondorio horien iraunkortasuna aztertzea, horiek 26 hilabeterekin ere ebaluatu direlako eta gaur egun lau urterekin ebaluatzen ari direlako.

   Azterlan horien ardura duen diziplina anitzeko taldeak (haren barnean beste bi doktorego tesi garatzen ari dira gaur egun) bestelako ingurumen kutsatzaileek (adibidez, konposatu organiko bromatuak, perfluoratu edo pestizida ez-organokloratuak eta disruptore endokrinoak, bisfenol A edo pthalatos motakoak) Gipuzkoako eskualde horietako haurren gaitasun kognitiboen eta psikomotorren garapenean izan dezaketen eragina aztertzen jarraitu nahi du, estatutako beste sei multzoetan eskuratzen ari diren datuei lotuta.

Contenido patrocinado