BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
EITBk Input telebista publikoen eta programen sortzaileen erakundearen aurtengo nazioarteko biltzarra antolatuko du Bilbon maiatzaren 3tik 7ra bitartean, telebista publikoaren mugen inguruan eztabaidatzeko eta horiei aurre egiteko asmoz.
Hala, mundu osoko 300dik gora profesional bilduko dira Euskalduna Bilbao jauregian egingo diren lan saioetan, kate publikoetako bideo eta hedabide digitalen ekoizpenak aurkeztuz, EITBko iturriek jakinarazi dutenez.
Biltzarra larunbatean hasiko da, maiatzaren 3an, harrera ekitaldiarekin. EITBren izenean, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak egingo die ongietorria parte hartzaileei, Judy Tam Inputeko presidentearekin batera.
Jardunaldiak igandetik asteazkenera izango dira. Goizez 10:00etann hiru lan saio antolatuko dituzte aldi berean, eta arratsaldean 15:00etan beste horrenbeste. Parte hartzen duten telebistetatik 72 formatu edo programarik onenak aukeratu dituzte, eta horiek gaika ikusi eta eztabaidatuko dituzte. Munduko hainbat herrialdetatik heldutako 12 moderatzaileen esku egongo dira lan saioak.
Jardunaldiez haratago, egitarau betea izango dute biltzarrera doazen profesionalek. Hala, igande arratsaldean EITBren egoitzara bisita antolatu da; astelehenean, 'Input Midweek Party' ospatuko da Guggenheim Bilbao Museoan, eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Judy Tam Inputeko presidenteak eta Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitz egingo dute.