GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatuko ditu hainbat erakunderekin, 'Itzuli' itzultzaile automatiko neuronala garatzen jarraitu ahal izateko, Gobernu Kontseiluaren onespena jaso ondoren. Akordioak sinatuko dituzten erakundeek eskura dituzten corpus linguistikoak partekatuko dituzte Jaurlaritzarekin, Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez.
Lakuako Gobernuak 2019ko irailean jarri zuen herritarren eskura 'Itzuli' itzultzaile automatiko neuronala. Euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara, euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara, eta euskara-ingelesa eta ingelesa-euskara itzulpen norabideetan testuak itzultzeko gaitasuna dauka.
Adimen artifiziala erabiltzen duen sistema hau sare neuronaletan oinarritzen da eta entrenamendua behar du ikasteko. Horretarako, corpus elebidun handiak behar dira, hau da, kalitatezko itzulpen unitateak.
Bada, helburu horrekin, eta Jaurlaritzak euskara Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan eta ingurune digitalean integratzeko duen ardurarekin, akordioak sinatuko ditu entitate desberdinekin. Horrela, erakundeok garatu dituzten eta etorkizunean garatu ditzaketen corpus linguistikoak Jaurlaritzarekin partekatuko dituzte.
Hain zuzen, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aurreikusi du hitzarmenak sinatzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Jakinbai-Laneki Lanbide Heziketa sustatu eta hobetzeko elkartearekin, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin, EiTBrekin eta zenbait argitaletxerekin. Entitate horiek guztiek euskarazko corpus interesgarriak dituzte: corpus literarioak, itzulpen lanak edo Lanbide Heziketakoak.
Hitzarmenen bidez, itzultzaile automatiko neuronalari hobekuntzak egitea eta, hortaz, itzulpenen kalitatea hobetzea erraztuko da. Horrez gain, itzultzaile automatikoa entrenatzeko balio izango duten eredu egokiak eta fidagarriak lortuko dira eta, azkenik, emango dituzten corpus eleanitzak partekatzeko prozesua modu egokian, ordenatuan eta jarraituan egingo dela bermatuko da.
Corpus linguistikoak partekatzeko akordioak lau urte egongo dira indarrean, eta beste lau urte luzatuko dira bi aldeek horretarako borondatea adierazten badute.