BILBO, 8 (EUROPA PRESS)
Itzuli itzultzaile neuronalak martxoan erregistratu zituen bere erabilera daturik altuenak iragan urriaren erdialdean abian jarri zenetik. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako itzultzaile neuronalak 4.757.801 itzulpen egin zituen martxoan, ia otsailean halako bi (2.518.550). Martxoan zehar egin ziren itzulpenen %56 gaztelaniatik euskarara egin ziren, eta %44 euskaratik gaztelaniara.
Halaber, www.euskadi.eus/itzuli helbidean erabil daitekeen Itzuli itzultzaile neuronalak euskaratik frantsesera eta frantsesetik euskarara itzultzeko aukera eskainiko du uda baino lehen, Eusko Jaurlaritzaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko akordioari esker.
Itzultzaile neuronalak martxoan izan zituen erabilera datuei erreparatuz gero. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ondorioztatu du Covid-19k eragindako osasun larrialdi eta alarma egoeraren eraginez ezarritako konfinamenduak nabarmen areagotu duela bere erabilera.
Izan ere, martxoaren 2tik 8rako eta martxoaren 23tik 29rako (jada konfinamenduan) asteak alderatuz gero, erabilerak bikoiztu egin ziren: 745.606 erabilera martxoko lehen aste osoan, eta 1.524.010 itzulpen martxoaren 23tik 29ra bitartean. Gainera, martxoaren 31 izan zen Itzuli abian jarri zenetik itzulpen gehien egin diren eguna: 279.537 egun bakarrean.
Jaurlaritzak 2019ko urriaren erdialdean jarri zuen martxan Itzuli itzultzaile neuronala. Ordutik hona, hilabeteka, martxoaren ostean (4.757.801 itzulpen), otsaila izan da erabilera altuena izan duena (2.518.550), eta jarraian, urtarrila (1.841.813), abendua (1.011.601) eta azaroa (774.082). "Beraz, gero eta gehiago erabiltzen da itzultzaile neuronala", gaineratu du.
Era berean, erabilera asteko egunen arabera aztertuz gero, asteburuetan beherakada nabarmena ikusten da, nahiz eta egun horietan ere erabilera handia izan. Bere arduradunen arabera, astelehenetik ostiralera egiten den erabilera altuak erakusten du Itzuli asko erabiltzen dela lan arloan, administrazioan eta arlo akademikoan.
FRANTSESA
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, Itzuli itzultzaile neuronalak euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara bertsioak eskaini ahal izango ditu uda baino lehen. Urrats berri hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak joan den astean sinatu zuten akordioari esker izango da posible.
2020rako sinatu duten lankidetza akordioaren arabera, bi erakundeek pausoak emango dituzte bide hori lehenbailehen errazteko. Horretarako, Euskararen Erakunde Publikoak bere itzulpen memoriak eskainiko ditu, itzultzaile neuronalaren frantsesarekiko gaitasuna elikatuz eta trebatuz. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara Institutuak ere bere itzulpen memoriak utzi ditu horretarako, eta laguntza handikoak izango dira.
"Itzultzaile neuronalek, kalitatea eskaintzeko, corpus elebidun oso zabalak behar dituzte. Itzulpen memoriak behar dituzte. Horri esker, euskara-frantsesa/frantsesa-euskara bertsioek ere kalitate handia eskainiko dute", adierazi du Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
ITZULI
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailek bultzatuta, joan den urriaren 16an aurkeztu zen Itzuli itzultzaile neuronala. Tresna berria hainbat urtetako lanaren emaitza da, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 20 urtez bildutako itzulpen memoriak erabiliz inplementatu da.
Jaurlaritzak itzultzaile automatikoen garapenean hamarkada bat baino gehiago eman duen arren, itzultzaile neuronalak "jauzi kualitatiboa dakar", sare neuronalen bidez funtzionatzen baitu, adimen artifizialari esker. Horrela, Itzulik kalitate handiko itzulpenak eskaintzen ditu, baina beti gainbegiratu behar dira.
Tresnaren helburua ez da itzultzaileen kualifikazio handiko lana ordezkatzea, baizik eta lan munduan, arlo akademikoan, administrazioan edo kulturaren esparruan bi hizkuntzak erabiltzen dituztenei tresna berritzailea eta eraginkorra eskaintzea.
Itzultzaile neuronala erabiltzea oso erraza da. Erabiltzaileak itzulpenaren norabidea hautatu behar du (euskaratik gaztelaniara edo alderantziz), eta ondoren, testu horretarako prestatutako gunean sartu. 'Itzuli' botoia sakatuz, itzulpena segundo bakar batzuetan egiten da. Itzultzaileak 4.000 karaktereko testuak itzul ditzake erabilera bakoitzeko, baina erabiltzaileek mugarik gabe erabil ditzakete.