Jaurlaritzak 4,5 milioi euro banatuko ditu euskal kultur ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko proiektuentzat

Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 10 junio 2025 12:57

GASTEIZ 10 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal kultur ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko 2025-2027 aldirako diru laguntzak banatzeko deialdia onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak, eta guztira 4,5 milioi euro banatuko ditu, iaz baino 1,5 milioi gehiago.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Euskal Kultur Ondarearen Legeak jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eta bere lurralde historikoen administrazioek lan publikoa finantzatzera zuzendutako aurrekontu sailen %1 baliatu behar dutela gutxienez euskal kultur ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, zaintzeko, hedatzeko eta haien balioa nabarmentzeko.

Bada, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila da aurrekontu hori kudeatzearen arduraduna eta, hain zuzen, horri erantzuten dio gobernu kontseiluak astearte honetan onartu duen deialdia.

Horrela, diruz lagun daitezkeen jardueren artean daude kultur ondasunak ezagutzeko, balioa emateko, aitortzeko eta erabilera emateko jarduerak, sentsibilizazio, sozializazio eta ondarearen interpretazioaren bidez ondare balioen berri ematea, babes berezi edo ertaineko kultur ondasun higiezinak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaket, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta dauden ondasunak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak zaindu, aberastu eta babesteko beste edozein jarduera.

Diruz lagun daitezkeen jarduerak 2025ko urtarrilean hasi behar dira, edo hasita egon behar dute, eta 2027ko azaroren 30era bitartean burutu. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iazko ekitaldian guztira 20 proiektu lagundu ziren euskal kultur ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko deialdiarekin.

Contenido patrocinado