Jaurlaritzak zazpi milioi euroko inbertsioa iragarri du Euskadiko tokiko enplegu eta garapen planak abiatzeko

Arabako Parke Teknologikoan egindako ekitaldian egin du iragarpena Mikel Torresek
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 24 septiembre 2025 13:13

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordealk eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak iragarri du zazpi milioi euroko inbertsioa egingo dutela 2026ra arte Euskadin tokiko enplegu eta garapeneko lehen planak martxan jartzeko.

Arabako Parke Teknologikoan asteazken honetan egindako ekitaldian nabarmendu duenez, ekimen aitzindaria da, lehen aldiz aitortuko duena udalerriek enpleguaren arloan duten eskumena, eta politika publikoak benetako beharrekin lerrokatzea du helburu.

"Zalantzarik gabe, lurraldeari protagonismo handia ematen zaio lurralde plangintza Enpleguaren Euskal Estrategiatik abiatuta egituratuz. Estrategia horrekin bat etorri beharko du nahitaez, lurraldera hurbiltzeak ezin baitu enplegu politiken zatiketa ekarri. Hori dela eta, beharrezkoa da erakunde maila guztien plangintza helburu komunetan txertatzea", adierazi du Torresek.

Horrela, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enplegu eta tokiko garapeneko plan berriak egiteko prozesuari ekin dio, Enpleguari buruzko 15/2023 Legea betez. Lege horrek berezko eskumenak ematen dizkie udalerriei enplegu politika aktiboak diseinatzeko eta gauzatzeko, inklusioa, laneratzea eta tokiko garapen ekonomikoa sustatuz.

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du enplegu plan horien azken helburua dela "lurraldearen garapen ekonomikoa, lan duina eta gizarte kohesioa bultzatzea, bai eta lurraldeen eta gizartearen arteko desorekak gainditzea ere".

Plan horietarako aurreikusitako finantzaketa 1,56 milioi eurokoa izango da 2025ean eta 5,47 milioi eurokoa 2026an, eredu iragankor batean, harik eta Finantzen Euskal Kontseiluak kontzeptu hori udalen eskumen gisa esleitu arte.

Torresek erakundeak gonbidatu ditu "bide hori elkarrekin egitera, esperientziak partekatzera, berritzera, plan pilotuei ahalik eta etekin handiena ateratzera eta elkarrekin gure garaiko erronkei erantzungo dien tokiko enplegu eredu bat eraikitzera". "Batera, modu kritikoan eta elkarlanean ikasteko" balio behar dute plan horiek, "legeak enplegu politika aktiboei ematen dien helburua gauzatzeko: lan duina izateko eskubidea", adierazi du.

Zentzu horretan, gogorarazi du azken helburua dela "kuantitatiboki eta kualitatiboki enplegu gehiago sortzea, eskubide gehiago dituen enplegua sortzea eta kolektibo ahulenetako gizonak eta emakumeak integratzeko gai izatea, eta garaiko erronkei erantzungo dien tokiko enplegu eredu bat elkarrekin eraikitzea".

FASE PILOTUA

Estrategiak fase pilotu bat izango du 2025ean, eta Euskadiko 20 toki erakundek hartzen dute parte, lurralde aniztasunagatik eta langabezia tasengatik hautatuak. Horien artean daude hiru foru aldundiak, Eudel, EAEko hiru hiriburuak, tamaina txikiagoko udalerriak -hala nola Amurrio, Barakaldo, Sestao, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Pasaia, Oiartzun eta Lezo-, eta udalez gaindiko elkarteak -hala nola, Arabako Lautadako Kuadrilla eta Durangaldeko eta Oarsoaldeako mankomunitateak-.

Plan pilotuak egiteko prozesuak barne hartzen ditu lurralde bakoitzeko egoera sozioekonomikoaren eta enpleguaren diagnostiko xehatua, lehentasunezko helburu eta ekintzen definizioa, eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoen plangintza. 2025erako aurreikusitako inbertsioa 1,56 milioi eurotik gorakoa da, eta 2026an plan horiek ezarri eta garatuko dira.

Datorren urtetik aurrera, aurreikuspena da enplegu eta tokiko garapeneko planak toki erakunde guztietara zabaltzea, baita 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten eta plan horietako bat izateko betebeharrik ez duten erakundeetara ere, udalerri eta eskualde bakoitzaren erronkei egokitutako kalitatezko enplegua bermatzeko helburuarekin.

Contenido patrocinado