BILBO 25 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak Jon Sarasua euskaltzain oso izendatu du ostiral honetan Iruñeko udaletxean egin den iraileko osoko bilkuran, euskaltzain osoek bozketa egin baitute Mikel Zalbide emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Aretxabaletako soziolinguistak erdietsi du Euskararen Akademiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.
Euskaltzaindiak gogoratu du Mikel Zalbide emeritu izatera igaro zela maiatzaren 9an, 75 urte bete baitzituen egun horretan Donostiako hizkuntzalariak, eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek uztaileko osoko bilkuran, hain zuzen, Jon Sarasua, eta ostiral honetako bilkuran izendatu dute euskaltzain oso.
Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera ekitaldia egingo da.
Jon Sarasua Maritxalar Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen, 1966ko apirilaren 13an. Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da. Hezkuntzan ibilbide luzea eta agerikoa egin du, bereziki, irakasle, prestatzaile eta irakaskuntzarako euskarazko material sorkuntzaren zein egokitzapenaren eremuan.
Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Informazio Zientzietan doktorea, 28 urtez jarraian irakasle titular izan da Mondragon Unibertsitatean (1998-2026). Era berean, HUHEZI fakultateko Gizarte Zientzien Saileko zuzendaria izan zen 1999tik 2002ra, eta HUHEZI fakultateko Komunikazio Saileko zuzendaria 2003tik 2005era.
Kooperatibagintza arloan, munduko ekonomia sozialaren arloan, munduko hizkuntza gutxituen arloan eta euskal kulturgintzaren arloan hainbat graduondoko eta masterren sustatzailea izan da Sarasua, 2007tik 2026ra, eta Garabide elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da, 2006tik.
Dozenatik gora liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu bakarka edo elkarlanean. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroan. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da 2021etik, eta Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea 2022tik aurrera. Mintzola proiektuaren zuzendaria ere bada, Eñaut Agirrerekin batera (2022tik aurrera), eta herri kulturgintzari buruzko ikerketa proiektuaren eratzaile eta haren arduraduna 2025etik.
102 EUSKALTZAIN OSO 1918TIK
Modu honetan, 102 euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Euskararen Akademiak izendatu dituenak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 13 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia.
Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos, Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Jon Sarasua, Castillo Suarez, Pello Salaburu, Ana Toledo, Andres Urrutia eta Miriam Urkia dira egungo euskaltzain osoak.
Euskaltzain emerituak, aldiz, Andres Alberdi, Jean-Louis Davant, Patxi Goenaga, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Mikel Zalbide eta Patxi Zabaleta dira.