Josu Bujanda Zaldua da Ertzaintzako buru berria

Josu Bujanda.
ERTZAINTZA
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 9 julio 2019 16:43

BILBO 9 Jul. (EUROPA PRESS) -

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak Josu Bujanda Zaldua superintendentea izendatu du Ertzaintzako buru berri, astearte honetan. Bujanda Herritarren Babeserako Atalaren burua izan da orain arte, eta ibilbide luzea du egina Ertzaintzan, 36 urtetik gorako esperientzia baitu destino eta kargu ezberdinetan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Bujanda Ertzaintzako buru izendatzearekin batera, Alfonso Garaikoetxea Aranguren Arabako lurralde buru izatetik Herritarren Babeserako Ataleko buru izatera pasatu da, eta Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Ataleko buruzagitzan Jose Maria Yurrebaso Yustek jarraituko du.

Josu Bujanda Zaldua Beasainen (Gipuzkoa) jaio zen, 1961ean, eta Ertzaintzaren III. Promozioko kidea da. 1983an sartu zen Arkautiko Akademian eta, beraz, 36 urte daramatza Ertzaintzan. Azken sei urteotan Herritarren Babeserako Ataleko buru izan da. Aurretik, Ertzaintzako Ikuskapen Buruzagitzan, Gipuzkoako Lurralde Buruzagitzan, Ertzaintzako Babeseko eta Esku Hartzeko Buruzagitzan, Donostiako ertzain etxeko Herritarren Babeserako Buruzagitzan, Gipuzkoako Trafikoko Operazioen Buruzagitzan eta Zumarragako ertzain etxean lan egin du.

Bestalde, orain arte Arabako lurralde buru izan den Alfonso Garaikoetxea Aranguren Herritarren Babeserako Ataleko buru izendatu du Segurtasuneko sailburuordeak. Alfonso Garaikoetxea Iruñean jaio zen, 1962an, eta Ertzaintzan egin duen ibilbidean Donostiako, Hernaniko eta Irungo ertzain etxeetako nagusia eta Gipuzkoako eta Arabako lurralde buru izan da.

Halaber, Zubiagak bere karguan berretsi du Ikerkuntza Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Dibisio Buru Jose Mari Yurrebaso Sestafe superintendentea, 2015eko uztailaren 30etik zeregin horretan dagoena. Iurrebaso Bedian (Bizkaia) jaio zen, 1959an, eta 1984tik da ertzain. Polizia Zientifikoko Nagusi izan zen eta Barne Arazoen Ikerkuntzako Bizkaiko lurralde buru ere.

Contenido patrocinado