Kirikiño ikastolak antolatuko du 2026ko Ibilaldia Bilbon, 'Hiri Kiribili Bil!' lelopean

2026Ko Ibilaldia Aurkeztu Dute
IBILALDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 9 julio 2025 14:41

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Bilboko Kirikiño ikastolak antolatuko du 2026. urteko Ibilaldia, maiatzaren 31n, 'Hiri kiribili bil!' lelopean, eta denok familia zein lagunekin "euskaratik eta euskaraz gozatzeko eguna" izatea da antolatzaileen asmoa, asteazken honetan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako aurkezpenean azaldu dutenez.

Lehenik, Bilbon euskaraz bizitzea eta toki guztietan erabili ahal izatea izango da Bizkaiko ikastolen aldeko festaren helburu nagusia. Era berean, euskararen transmisioa eta erabilera erdigunean jartzea ikas komunitatean eta hiriko gizarte osoan, eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntza eskaintza sustatzea eta ikusgarri egitea dira beste xede batzuk.

Gainera, auzogintzan eta herrigintzan errotutako hezkuntza eraldatzailea eta berritzailea bultzatzea eta ikasleen ongizate emozionala zaintzeko eta lehenesteko gune eta esperientziak sortzea bilatuko dute.

Orobat, Kirikiño ikastolaren proiektua sendotzea eta bere nortasuna eta proiektu kooperatiboa zabaltzea, ezagutaraztea eta finkatzea dira 2026ko Ibilaldiaren beste helburuak, bai eta "ikastolaren ezaugarri diren bikaintasuna eta zoriontasuna lortzea" ere.

Era berean, ikastola errotu nahi dute Txurdinaga, Otxarkoaga, Santutxu, Begoña eta inguruko auzoetan, bai eta Bilbo osoan ere, "ikastola hiri osoarekin konektatuz". Azkenik, hezkuntza espazioen eraldaketa proiektuari babesa eman nahi diote, Ibilaldiaren bitartez baliabide ekonomikoak lortuz.

Herrigintza eta komunitatearen aktibazioari dagokionez, Bilbo euskaldunaren aldeko herritarren parte hartzea aktibatu, herriko eta auzoko talde eragileekin elkarlana indartu eta euskarazko aisialdi eta kultur ekimenetarako erreferente dinamikoa izatea nahi dute 2026ko Ibilaldiaren antolatzaileek.

Halaber, gizarte inklusiboa sustatuko dute, behar ezberdinak dituzten pertsona guztiak kontuan izanda, parekidetasuna eta hezkidetza modu zehatz eta ikusgarrian landuko dute ikuspegi kritiko eta eraikitzailetik, eta jasangarritasuna ekintza guztietan txertatuko dute.

LELOA ETA LOGOA

'Hiri Kiribili Bil!' izango da 2026ko Ibilaldiaren leloa. Ikastolako guraso, ikasle eta langileek egindako sormen tailleraren emaitza dira leloa bera eta logoa, "ideien partekatzearen eta elkartrukatzearen ondorioa, haurren marrazkiak abiapuntutzat hartuta".

Beraz, leloa eta logoa "guztion artean egindako lanetik jaio da", ikastolari izena ematen dion Ebaristo Bustinza 'Kirikiño' idazleak hain gogoko zituen hitz jokoez baliatuta.

Leloa egiteko kontuan hartutako kontzeptuak dira 'hiria', 'kiribila', 'biltzeko gonbita', 'Bilbo', 'etorkizunera begira', 'etengabeko mugimendua', 'aniztasuna' eta 'umeak protagonista'.

Euskara Bilbon zabaltzea eta erdigunean jartzea dira asmo nagusiak, eta horri egin nahi dio erreferentzia leloak 'hiri' eta 'bil' hitzak erabilita. Gainera, 'kiribil' hitzak espirala esan nahi du, buelta bakoitzean euskararen aldeko urrats berria ematen duen kiribila.

Halaber, Ebaristo Bustinza 'Kirikiño' idazle eta kazetariari omenaldia egin nahi izan zaio, 'Kirikiño' eta 'Ibilaldia' hitzak batuta eta hitz joko dibertigarria osatuta, 'i' bokalak baino ez dituena.

Logoaren diseinuaren ezaugarriak honako hauek dira: diseinu modernoa eta koloretsua, kolore alaiak (horia, korala, urdina, berdea, beltzarekin nahastuta), tipografia berezia, hizki handiz idatzita, eta moldagarria, hainbat modutan erabil daitekeena. "Horrela, leloak zein logoak osatzen duten irudia dinamikoa eta alaia da", adierazi dute.

Contenido patrocinado