BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Cuzkoko Udal Gobernuak (Peru), Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Agirre Lehendakaria Center erakundeak kitxua hizkuntza biziberritzeko lankidetza protokoloa hitzartu dute, Jaurlaritzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aholkularitza eta laguntza lana egingo du Cuzcoko Udal Gobernuarekin, kitxua hizkuntza biziberritzeko plan baten prestaketan, eta horretarako erreferentziak Euskadiko udalerri askotan azken hamarkadan onartutako udal planak eta Jaurlaritzak onartutako 2013-2017 aldirako Euskararen Agenda Estrategikoa izango dira. Plan horrek helburu estrategikoak eta gauzatu ahal izateko egin beharrekoak jasoko ditu, bai eta zenbat iraungo duen ere.
Kitxuaren biziberritzea Peruko instituzioen "lehentasunezko esparrua" da, herrialdeko hizkuntza aniztasuna berreskuratu eta sustatu nahi baitute instituzioek. Cuzkoko Udal Gobernuak uste du kultura eta hizkuntza gutxituen kultura eta hizkuntza garapena "gizarte justiziaren eta kultura balioespenaren adierazgarria" dela, bai eta "gizarte trinkotasuna sustatzen duen elkartasun kolektiboaren adierazpidea" ere. "Horregatik uste dute kitxuaren biziberritzeak elkarbizitza hobe bat ekar dezakeela", adierazi du.
EUSKARA EREDUGARRI
Kitxuaren biziberritze lan honetan "euskara biziberritzeko prozesua eredugarria da beraientzat, "Euskadin bizi izan dugun prozesua erreferentzia bat delako Cuzcoko instituzioentzat".
Lankidetza protokolo hau Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren bidaia agendaren parte bat da. Pasa den asteartean, Baztarrikak Peruko Gobernuko Interkulturalitateko ministrorde Patricia Balbuena Palaciosekin bilera izan zuen hizkuntza politiken gainean hitz egiteko. Bilera bukatutakoan, Peruko interesari erantzunez, hizkuntza politika kontuetan kooperazio eta kolaboraziorako balioko duen akordio bat gauzatzeko prozesua martxan jartzea erabaki zuten.
Eusko Jaurlaritzak nazioarteko lankidetzaren esparruan hizkuntza lankidetzaren kontzeptua garatzea aurreikusten du, munduko hainbat tokitan gutxitze egoeran dauden tokian tokiko eta berezko hizkuntzak berreskuratu eta biziberritzeko egiten ari diren esperientziei ekarpenak egiteko, eta prozesu horietatik ikasteko.