Lazarraga Kultur Elkarteak Arabako kultur sortzaileei zuzendutako Muina deialdia abiatu du

Archivo - Izaskun Arrue Kulturgunea
LAZARRAGA KULTUR ELKARTEA - Archivo
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 8 junio 2025 11:38

GASTEIZ 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

Lazarraga Kultur Elkarteak Muina izeneko proposamen poltsaren deialdi berria egin du, Arabako euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Deialdia adin nagusiko arabar guztiei zuzenduta dago, eta parte hartzaileek banaka edo taldeka aurkeztu ditzakete beren ideiak eta proposamenak, uztailaren 31ra arte.

Izaskun Arrue Kulturgunean egindako aurkezpenean azaldu dutenez, kulturgunearen "muina bera osatuko duten kultur egitasmoak hautatu eta programatzeko tresna" izan nahi du deialdiak. "Ideia hori oinarri hartuta, Muina egitasmoak IAKren bizkarrezurra izan nahi du", gaineratu dute.

Bada, zazpi proposamen bilatzen dira oraingoan: hiru ikuskizun (kontzertu, antzezlan eta gainontzeko arte bizietako bana), ikus-entzunezko proiekzio bat, hitzaldi bat, ikastaro bat eta lantegi bat. Aukeratutako proposamen bakoitzak, formatuaren arabera, ordainsari ekonomikoa jasoko du eta 2026an gauzatuko dira Izaskun Arrue Kulturgunean, euskaraz eta bertako baliabideak erabiliz.

Izena emateko epea uztailaren 31ra arte egongo da irekita, eta parte hartzaileek https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSd_fjex_XyoXQTxZwRz... estekan dagoen inprimakiaren bidez aurkeztu beharko dituzte egitasmoaren deskribapen laburra, formatua eta bestelako eranskin lagungarriak.

Muina deialdia Izaskun Arrue Kulturgunearen lan ildo estrategikoen barruan dago, hau da, sorkuntza bultzatzea, euskal kulturaren erakusleiho izatea, prestakuntza eskaintzea, hausnarketa sustatzea eta kultur bizipen gozagarriak eskaintzea. Jarduerak programatzetik harago, tokiko sortzaileei beren ibilbidean laguntza ematea eta euskararen erabilera kulturaren bidez sustatzea da helburua.

Contenido patrocinado