MADRIL, 25 (EUROPA PRESS)
Leire Bilbao Barruetabeña idazle ondarrutarrari eman diote 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sari Nazionala, Elkar argitaletxeak kaleratutako 'Klera' lanari esker, ostegun honetan bildu den epaimahaiak hala erabakita. Saria 30.000 eurokoa da.
Epaimahaiak 'Klera' aukeratu du bere "edertasun poetikoarengatik", eta nabarmendu du egilea diziplina ezberdinetan oinarritzen dela, bereziki ilustrazioan, "kultura, bake eta elkarbizitzaren aldeko konpromiso inplizitudun proposamena aurkezteko, gatazka, gerra eta heriotza moduko gai gordinak ulerterraz eginez haurrentzat".
Orobat, epaimahaiak azpimarratu du idazle bizkaitarraren lana "karga liriko sakon batekin eta mezu boteretsu batekin" idatzita dagoela, eta "etiketarik gabeko literaturaren adibide eta ikasbidea" dela, "diziplina anitzekoa eta oso ederra". "Pieza fina eta beharrezkoa, giza izaeraren sakonean sustraitzen dena", gaineratu du.
Jon Mayaren ideia batetik abiatuta, lengoaia artistiko ezberdinak koaderno batean biltzen ditu 'Klera' lanak. Literatura, ilustrazioa, musika eta dantza ditu espresiobide, eta koaderno gisako argitalpen batean adierazpen artistiko horiek bildu, eta, artearen poetikotasunetik, gerraren ondorioei buruz gogoeta egitera gonbidatzen du.
Leire Bilbao Barruetabeñaren testuak eta June San Sebastianen ilustrazioek Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak dituzte lagun, dantza eta musika QR kodigoen bidez azaltzen baitira koadernoan.
Leire Bilbao Barruetabeña (Ondarroa, Bizkaia, 1978) Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. 2006an argitaartu zuen 'Ezkatak' lehen poesia liburua, eta ondoren etorri ziren 'Scanner' (2011) edota 'Etxeko urak' (2020), besteak beste.
Haur literaturako liburu ugari kaleratu ditu; 'Xomorropoemak' lanarekin 2017ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, eta 'Etxeko urak' liburuarekin 2021eko Lauaxeta Saria. Helduentzako bere lanak hainbat hizkuntzetara itzuli dituzte, zenbait antologiatan parte hartu du eta bere konposizio batzuk musikatu egin dituzte.